Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kanton

Txinako hego-ekialdeko hiria, Kwantung-go probintziako hiriburua. 3.170.000 biztanle (1984; hirigune osoa kontuan hartuta, 6.870.000 biztanle). Txu Txian Ku ibaiaren bokalean dago. Bere kokaeragatik Txinako merkataritza porturik garrantzizkoenetakoa eta sartaldeko eragin guztien sarlekua izan da. Mende askotan ikasketa lekua izan da, Sun Ya Tsen-en jarduera politikoaren gertalekua, eta iraultza nazionalistaren sorgunea. Industriagune garrantzitsua da: makineria, kimika industria, burdingintza. Industria tradizionalak ere eragin handia du, boli-gaiezko lanek batez ere. Merkataritzari dagokionez, Kwangtung eta Kwuansi probintzien arteko merkataritzagunea izatez gainera, nazioarteko inportazio- eta esportaziogunea ere bada.