Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

judu

iz. Abrahamen ondorengoek osatu zuten herriko kidea, gaur egun mundu osoan zehar barreiatuta dagoena. || izond. Judu herriari dagokiona.  v  Herri judua hebrear herriaren adarra da, eta oso lotura estuak (arraza, erlijioa, hizkuntza, ohiturak, historia…) izan ditu beti harekin. Benetako juduak Bibliako Judaren tribuko kideen ondorengoak diren arren, aspaldidanik nahasi dira judu, hebrear eta israeldar hitzak, K.o. lehen mendeetatik aurrera bereziki, arrazaz hebrear edota erlijioz judu direnak izendatzeko.  v  Historia. K.o. 70. urtean hasi zen herri juduaren historia modernoa: Erromako Tito enperadoreen osteek Jerusalemgo tenplua suntsiarazi zuten eta munduan barrena hasi ziren juduak barreiatzen (diaspora, grekoz «barreiatzea, sakabanatzea»). Handik aurrera, erlijioa izan zen judu guztiak batu zituen lotura nagusia. IV. mendearen hasieratik aurrera, kristau askoren bizileku izan zen Palestina, eta Persia eta Bizantzioko inperioak nagusitu ziren lur haietan, Erromako inperioa desegin ondoren. 636. urtean arabiar musulmanen mende geratu zen lurraldea, eta islam erlijioa hasi zen zabaltzen dinastia omeiarraren eskutik. Juduak, bitartean, Ipar Afrikan, Egipton, Asia Txikian, Mesopotamian eta Grezian barrena sakabanatuak ziren, eta arabiarrekin batera zabaldu ziren mendebaleko lurraldeetara (ipar-mendebaleko Afrika, Hispaniako penintsula). Bestalde, arian-arian hasi ziren judu taldeak Europako lurraldeetara zabaltzen; arazoak izan zituzten Erdi Aroan Sartaldeko Europako herrietan, erlijio, arrazakeria eta beste gizarte arazo batzuk zirela medio; garai hartan hedatu zen judu lukurrari zikoitzaren irudia, finantza lanetan nabarmendu baitziren. XIII. mendean ohildu zituzten juduak Ingalaterratik, hurrengo mendean Frantziatik, 1492. urtean Gaztelako eta Aragoiko erresumetatik eta 1512an Nafarroatik, euskal erreinua Gaztelaren mende geratu ondoren. Hispaniatik kanporatu zituzten juduek, hots, sefardiek (Sefarad deitzen zioten eta diote juduek Hispaniari), Europako iparraldeko eta ekialdeko herrietara jo zuten; ladinoa edo gaztelania zaharra gorde dute gaur egun arte. Europako erdialdeko juduek, ashkenazi deiturikoek, osatu zuten juduen talde nagusia (gaur egungo juduen % 80). XIX. mendearen bukaeratik mundu guztira hedatu dira (Estatu Batuetara bereziki); ekonomian eragin handia duen taldea da. Juduek beren hizkuntza galdu zuten neurri handi batean; hebreera liturgia hizkuntza gisa gorde zuten eta tokian tokiko hizkuntzak erabili edota, ashkenazien kasuan, hizkuntza berezi bat sortu zuten (yiddisha) alemanaren dialekto gisa har daitekeena.  v  Israelgo estatuaren sorrera. XIX. mendearen bukaeran hasi zen sionismoa zabaltzen juduen artean; ideologia horren arabera, Palestinara jo eta han israeldar estatu bat eraikitzeko xedea hartu zuen askok. Asmo hura 1897an itxuratu zen, Basileako batzar sionistan, eta handik aurrera hasi ziren judu taldeak Palestinan egokitzen. Helburu horrek ez zuen, bestalde, gehienbat musulmana zen herri palestinarraren nortasuna aintzakotzat hartzen. 1922an Palestina Britainiar Inperioaren esku geratu zen eta guztiz areagotu ziren garai hartatik aurrera palestinarren eta juduen arteko gatazkak. 1933. urtetik aurrera, munduan ezagutu den genozidio lazgarrienetako bat pairatu zuten juduek alemaniar nazien esku: sei milioi judu (hirutik bat) hil zituzten naziek 1933-1945 urteetan, kontzentrazio esparruetan. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 1947an, Palestina bitan banatzea erabaki zuen Nazio Batuen Elkarteak eta gauzatzen hasi zen etorkizuneko Israelgo estatu judua. Hebrearrek ez zuten aurrerantzean herri palestinarraren estatu baterako eskubidea errespetatu, eta handik aurrera bizirik dirau juduen eta palestinarren arteko gatazkak.  v  Juduak Euskal Herrian. Erromako inperioaren garaian heldu ziren lehen judu taldeak Iberiar Penintsulara. Bisigodoen garaian hasi ziren garrantzia hartzen, baina herri musulmanen inbasiotik aurrera izan zen hedapen handiena. Euskal Herriari dagokionez, Nafarroako hegoaldean (musulmanen esku zegoen Tuteran eta inguruko herrietan) finkatu ziren IX. mende aldera lehen juduak. X. mendean eraiki zen lehen sinagoga Iruñean eta aljama edo judu auzo bat garatu zen han. Iruñea, Lizarra, Viana eta, batez ere, Tutera (Erriberako beste herriekin batera), izan ziren Nafarroako juduen gune nagusiak. Araban, Errioxan eta Gasteizen bizi izan ziren nagusiki juduak; Bizkaian, Urduñan eta Balmasedan, eta Gipuzkoan, Seguran eta Arrasaten. XII. mendetik aurrera, garai oparoak bizi izan zituzten juduek bazter guztietan, foru bereziak lortu zituzten eta oro har errespetuzko tratua jasotzen zuten. Egiteko askotan aritzen ziren juduak, baina merkataritzan finantza alorrean, administrazioan eta medikuntzan nabarmendu ziren bereziki. Bestalde, hebrearren kultura-hiri garrantzitsua izan zen Tutera; bertakoak ziren Jehuda ha-Levi, idazle eta filosofo ospetsua, Benjamin ben Yonah, idazle eta bidaiari handia, eta Abraham ibn Ezra jakintsua. XIII. mendearen bukaeran hasi zen juduen aurkako joera zabaltzen, eta 1328an hasi zen Nafarroan juduen aurkako esetsaldia (Pedro Ollogoyen fraide frantziskotarra izan zen sarraskiaren gidaria); 1333an zuzendu zen egoera, Evreux-ko etxeko erregeen etorrerarekin. XV. mendean areagotu zen juduen aurkako sentimendua eta kanporatzeko agindua eman zuten azkenean Gaztelako eta Aragoiko Errege-erregina Katolikoek 1492an. Judu askok Tutera eta Nafarroako beste leku batzuetara jo zuten orduan. 1498an beste hainbeste egin zuen Katalina I.a Nafarroako erreginak, baina kanporatzea ez zen erabatekoa izan 1512an Gaztelako osteak Nafarroaz jabetu ziren arte. Zapalkuntza neurri latzak hartu zituen Inkisizioak XVI. mendetik aurrera juduen aurka. Portugaldik, Espainiatik eta Hego Euskal Herritik ohilduriko juduak Baionan eta Ipar Euskal Herriko beste hiri batzuetan (Bidaxune, Bastida) kokatu ziren XVI. mendetik aurrera. Hasierako urteak zailak izan ziren arren, Baionako hiriak bertan gelditzeko aukera eskaini zien, eta arian-arian gaztelania (eta portugesa) hizkuntza zuen judu talde indartsu bat osatu zen Saint-Esprit hirian, gero Baionako hiriaren auzo izan zena.