judo
iz. Japonian asmatutako gudu antzea, jiu-jitsu gudu antzea oinarri hartuta Jigoro Kano maisuak 1882an sortu zuena; 1964az geroztik Olinpiar Jokoetako kiroletako bat da. Judoak (ju, malgutasuna, eta do, bidea) borrokarako tresna ezezik arimaren eta gorputzaren hezibide ere izatea du helburu. Borrokaldiak tatami edo tapiz baten gainean egiten dira. Eta borrokalaria, oinutsik, judogi edo jaka batez, galtzez, eta obi edo gerrikoaz janzten da. Judoak arerioaren indarra norberaren probetxurako erabiltzea du oinarri, eta palankaren legeak zangoen, besoen eta aldakaren bidez erabiliz hura lurrera botatzea eta mendean edukitzea. Borrokalariaren teknika maila adierazteko kolore desberdineko gerrikoak erabili ohi dira; hala, hasi berriei zuri kolorekoa dagokie eta, hurrenez hurren, horia, laranja, berdea, urdina, marroia eta beltza dira gainerakoak (beltzak, gainera, hamabi maila edo dan ditu).