Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jugoslavia

(Izen ofiziala, Jugoslaviako Errepublika Federeal Sozialista; Serbokroazieraz, Socijalisticka Federativna Republika Jugoslavija.). Europako hegoaldeko estatu ohia, Balkanetako penintsulan. 255.084 km2 eta 23.475.887 biztanle. Mugak: iparraldean, Italia, Austria eta Hungaria; ekialdean, Errumania eta Bulgaria; hegoaldean, Albania eta Grezia, eta mendebalean, Adriatiko itsasoa. Hiriburua: Belgrad (Serbiako hiriburua). Sei errepublikak osatu dute Jugoslaviako estatua 1991. urtea arte: Bosnia-Herzegovina (51.129 km2 eta 4.365.639 biztanle; hiriburua, Novi Sad), Eslovenia (20.251 km2 eta 1.974.839 biztanle; hiriburua, Ljubljana), Kroazia (56.538 km2 eta 4.763.941 biztanle; hiriburua, Zagreb), Mazedonia (25.713 km2 eta 2.033.964 biztanle; hiriburua, Skopie), Montenegro (13.812 km2 eta 616.327 biztanle; hiriburua, Podgorica) eta Serbia (55.968 km2 eta 5.753.825 biztanle; hiriburua, Belgrad). Bi herrialde autonomo ziren, gainera, Serbiako errepublikaren barnean: Kosovo lurralde albaniarra (10.887 km2 eta 1.954.747 biztanle; hiriburua, Pristina) eta Vojvodina (21.506 km2 eta 2.012.605 biztanle; hiriburua, Sarajevo). Hizkuntzak: serbo-kroaziera (Serbia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Montenegro), esloveniera (Eslovenia), mazedoniera (Mazedonia), albaniera (Kosovo). Serbiarra da etnia nagusia (%36, Serbian eta beste estatuetan), %20 dira kroaziarrak (Kroazia eta Bosnia-Herzegovina), %9 musulmanak (Bosnia-Herzegovinan nagusiki), %8 eslobeniarrak (Eslobenia), %6 mazedoniarrak (Mazedonia), %2,5 montenegrotarrak (Montenegro) eta garrantzitsuak dira talde ez eslabiarrak Kosovon (albaniarrak dira %90) eta Vojvodinan (hungariarrak bereziki). Erlijioari dagokionez, ortodoxoak dira erlijiodunen %41 (serbiarrak nagusiki), katolikoak %32 (kroaziarrak nagusiki) eta %18 musulmanak. ■ Historia. Lehen Mundu Gerraren ondoren, 1918an, sortu zen hegoaldeko eslabiarren estatu modernoa, Serbiako erreinuaren inguruan, eta Serbiarren, kroaziarren eta esloveniarren erresuma izena hartu zuen, Pedro I.a Karageorgevic errege zela. Neuilly (1919), Saint-Germain (1919) eta Trianongo (1920) hitzarmenetan zehaztu ziren estatu berriaren mugak. 1921. urtean. Alexandro I.ak hartu zuen Pedro I.a bere aitaren lekua, eta areagotu ziren serbiarren politika zentralista batetik, eta beste herrien asmo nazionalistak, bestetik. 1929an, Alexandro I.ak diktadura ezarri eta Jugoslaviako erreinua sortu zuen (izen hori izan du Balkanetako herri eslabiarren estatuak 1990 arte). Garai hartan talde armatu eskuindarrak (ustaxi edo gerrilari kroaziarrak) eratu ziren Kroazian, Ante Pavelic zutela buru. 1934an hil zuten kroaziarrek Alexandro I.a Marseillan eginiko atentatu batean. Pedro II.a erregearen aginpidea erregeordeen esku zen garaian, Italia, Alemania eta Bulgariaren aldera lerratu ziren Jugoslaviako erregeordeak (1937-1938 urteetako akordioak). Kroaziak autonomia zabal bat lortu zuen, bestalde, 1939an. 1941ean, Cvetcovic-en gobernuak Hitler-en eta Mussoliniren ordena berria onartu eta hitzarmen bat izenpetu zuen Alemaniarekin eta Italiarekin. Pedro II.ak erregetzaren ardura hartu zuen urte horretan bertan eta, gudaroste aliatuen aldera lerratuko zelakoan, Jugoslavia inbaditzeko agindua eman zuen Hitler-ek. Alemaniarren aurkako erresistentzia sutsua izan zen oro har Jugoslaviako bazter guztietan eta nazien aurka jarri zen herria, Europako gainerako bazterretan ez bezala. Bi agintari nabarmendu ziren horretan: Mihaijlovic serbiar koronela, eta, batez ere, Josip Broz buruzagi komunista kroaziarra, Tito deitua. Jugoslaviako herriak sobietar gudarostearen laguntzaz Belgradeko hiria hartu ondoren (1944), gobernu berri bat osatu zen Jugoslavian, Tito zuena buru, eta erbesterako bidea hartu behar izan zuen Pedro II.ak. 1945ean, ezkerreko herri fronteak irabazi zituen hauteskundeak eta Jugoslaviako errepublika sortu zen. 1946an eratu zen Jugoslaviako errepubliken federazioa, sei errepublikak osatua: Bosnia-Herzegovina, Eslovenia, Kroazia, Mazedonia, Montenegro eta Serbia. Alderdi komunista gidari zela, nazionalizazio egitarau zabal bati, nekazaritza eraberritzeari eta deszentralizazio sakon bati ekin zien Jugoslaviako gobernuak, eta errespetatzen hasi ziren herri desberdinen hizkuntza eta kultura eskubideak. Horrez gainera, sobietarrena ez bezalako sozialismorako bidea aukeratu zuen Titok, eta 1948an hautsi zituen Titok Stalinekin zituen loturak. Marxismoaren ideologiaren barnean betiere, autogestioa bultzatu zuen Titok ekonomian eta bakearen aldeko apostua egin zuen atzerrian: Triesteko lurraldearen arazoa (1954), Grezia eta Turkiarekiko hitzarmenak (1954) eta Sartaldeko estatuen alderako irekitze prozesua. Jugoslavia izan da lerrotu gabeko estatuen mugimenduaren aitzindari nagusia, Tito hil zen arte, batez ere (1980). Bestalde, 1960. urtean etorri ziren onera berriro ere Sobiet Batasunaren eta Jugoslaviaren arteko harremanak, baina ordu arteko jokamolde bereziari eutsi zion Titok. 1974an konstituzio edo lege nagusi berri bat idatzi zen Jugoslavian. Bi biltzar nagusi izan zituen aurrerantzean Jugoslaviak: Ganbera federala eta Errepubliken ganbera. Ganbera federalak bizitza guztirako hautatu zuen Tito errepublikako lehendakari. Titoren politika moldeak nagusitu ziren Jugoslavian 1980an hil zen arte. Urte batzuen buruan, gero eta arazo handiagoak izan zituen Jugoslaviako lehendakaritzak sistema federalari eusteko eta 1985. urtetik aurrera zalantzan jartzen hasi ziren Jugoslaviako ekonomia sistema mistoa, merkatu-ekonomia erabatekoaren alde; bestalde, asko indartu ziren tokian tokiko higikunde abertzaleak. 1989tik aurrera, independentziaren alde agertu ziren Jugoslaviako errepubliketako ordezkariak, eta guztiz indartu zen serbiarren artean Serbia Handi baten aldeko joera. Ekonomia egoera larria zela, egitura politikoak hautsi ziren eta 1990eko otsailean erabat hautsi zen Jugoslaviako Komunisten Liga. Gorabehera handien eta gudu militar lazgarri askoren ondoren, independentzia lortu zuten 1991. urtean Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina eta Mazedoniako errepublikek eta Serbia Handiaren asmoari leial eutsi zioten Serbiako eta Montenegroko erepublikek. Eslovenia eta Kroaziako gerra bukatu ondoren (1991), Europan azken berrogeita hamar urteetan izan den gerra gogorrena piztu zen aspaldidanik gizatalde desberdinak (musulmanak, kroaziarrak eta serbiarrak) bildu dituen Bosnia-Herzegovinan. 1991etik aurrera ez dago Jugoslaviarik.