Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jakutia

Errusiako Errepubliken Federazioko Errepublika Autonomoa, Siberiako ipar-ekialdean, Artiko ozeanora doazen Lena, Jana, Indigirka eta Kolima ibaien artean. 3.103.200 km2 eta 984.000 biztanle (1985; jakutak, % 37; errusiarrak, % 50). Errusiako errepublika autonomo zabalena da, Errusiaren beraren ondotik. Hiriburua: Jakutsk. Hiri nagusia: Mirny.  v  Orografia eta klima. Mendiek hartzen dituzte Jakutiako ekialdea (Verkoiansk eta Txerskiko mendiak) eta hegoaldea (Aldansk-eko mendiak). Ordokiak hedatzen dira erdialdean, eta ibaiek (Lena, Indigirka, Kolima) sakonune luzeak eratzen dituzte. Jakutiako klima kontinentala oso gogorra da eta urtaroen arteko aldeak erabatekoak (balio gorenak: -43,5° C urtarrilean eta 50° C uztailean).  v  Ekonomia. Aberatsak dira Jakutiako basoak (lurraldearen % 70). Ikatzarria, eztainua, mika, urrea eta diamanteak. Abere hazkundea (behi azienda eta elur-oreinak). Arrantza. Laborantza hegoaldean (garia, garagarra eta lekadunak).  v  Historia. XVII. mendea arte, abeltzain, ehiztari eta arrantzaleak ziren jakutak. Hara jo zuten nekazari errusiarrek hasi zituzten laborantza lanak. XIX. mendearen bukaeran, Siberian barnako burdinbidearekin eta Lena ibaiko merkataritzarekin iritsi ziren Jakutiara lehen industria moldeak. 1918. urtean nagusitu zen Jakutian iraultza sobietarra eta 1922an sortu zen Jakutiako Errepublika Autonomoa.