Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jalabert, Laurent

Frantses txirrindularia (Mazamet, 1968). Espainiako Itzuliaren irabazlea (1995), 1995eko irailetik aurrera munduko lehena eta erlojuaren aurkako munduko txapelduna (1997). Sprinter gisa nabarmendu baldin bada ere, abiadura-txirrindulari gehienek baino erraztasun handiagoa izan du beti mendian ere. 1992an hasi zen bere izena ezagutzen, izan ere, urte hartan Frantziako itzuliko puntuazio sailkapena irabazi zuen, Johan Musseeuwen aurretik eta munduko txapeldunorde gelditu zen errepideko iraupen lasterketan, Gianni Bugno italiarraren atzetik. 1994an Frantziako Itzuliaren lehen etapatako batean erori eta denboraldi osorako erretiratu behar izan zuen. 1995ean 22 garaipen izan zituen. Frantziako Itzuliko puntuazio sailkapena irabazi zuen (bakarkako sailkapenean laugarren gelditu zen gainera), Espainiako Itzulia, Paris-Niza, Nazioarteko Criterium-a eta Milan-San Remo irabazi zituen, besteak beste, eta urte horretan munduko lehena gelditu zen. 1996an gaixotu eta Frantziako Itzulia utzi egin behar izan zuen, baina Paris-Niza eta Midi Libre irabazi zituen. 1997an garaipen handiak lortu zituen, adibidez Paris-Niza eta Munduko Txapelketako erlojupeko proba, Donostian.