Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jakobsdóttir, Svava

Islandiar idazlea (1930). 1965ean plazaratu zuen bere lehen lana, ipuin laburrez osatutako Hamabi emakume liburua, baina hogei urte geroago egin zen famatua Oturuntza harrizko hormaren itzalean (1986) izeneko beste kontakizun liburu batekin. Lan honetako istorioen protagonistak emakumeak dira batez ere, eta guztiak doaz emakumeek tradizioz bete duten paperaren aurka; gaiak askotarikoak dira, baina denetan nabari da protagonisten erretratu psikologikoa egiteko asmoa. Eleberrien artean nabarmentzekoa da Maizterra (1969) nobela laburra, kritikarien era bateko eta besteko interpretazioen oinarri izan den joera feministako nobela laburra; azken aldian, ordea, Keflaviken estatubatuarrek duten NATO-ren baseak uharteko biztanleen pentsaeran duen eraginari buruzko alegoriatzat jotzen da. Lan horretan ikusten da emakumeen eskubideei buruzko borroka modu baketsuan ari dela egiten eta, horren ondorioz, beste batzuk direla konpromiso politikoaren gaiak, esate baterako, ingurumenaren defentsa, arrazismoarena, hiri handietan gizakiek bizi duten alienazioa, eta abar.