Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jakue IIa

Yorkeko dukea (1634-1685) eta Ingalaterra, Eskozia (Jakue VII.a izenez) eta Irlandako erregea 1685-1688 urteetan (Londres, 1633 - Saint-Germain-en-Laye, 1701). Karlos I.aren eta Henriketa Frantziakoaren semea eta Karlos II.aren anaia izan zen. Britainia Handiko azken Errege-erregina Katolikoa izan zen. Sorterritik alde egin behar izan zuen bere aitak Legebiltzarrarekin izandako istiluen ondorioz, eta Frantziako eta Espainiako armadetan aritu zen borrokan. Monarkia berriz indarrean jarri zutenean itzuli zen bere herrira, almirante karguaren jabe. Britainiako armadako buruzagia izan zen. Katoliko bihurtu eta errege izendatu zutenean, anglikanismoa baztertu eta erlijio katolikoa erresuma osoan berriro ezartzen saiatu zen. Ez zuen Ingalaterrako Legebiltzarra inoiz bildu eta bere aurka altxatu zen herria agintekeria katolikoaren beldur. Erregetzatik egotzi zuen Gilen Nassaukoak 1688an, eta hura agintea berreskuratzen saiatu zen 1690ean, baina huts egin zuen Boyne-ko guduan. Luis XIV.a Frantziako errege aliatuak bere erresuman hartu eta Sain-Germain-en-Layen hil zen 1701ean.