Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jacobi, Derek George

Antzezle ingelesa (Londres, 1938). 1960an hasi zen lanean Birmingham Repertory Theatren. 1963-1971 bitartean, garai hartan Laurence Olivierrek zuzentzen zuen Errege Antzerki Nazionalaren kide izan zen, eta bere paperik entzutetsuenak William Shakespeareren Otelo, Veneziako mairua antzerkiko Casiorena eta Anton Txekhoven Hiru ahizpak (1901) antzerkiko Tusenbachena izan ziren. 1970eko hamarkadan gora egin zuen antzezle klasikoaren ospeak Prospect Theatre Companyn egin zuen lanarekin. 1982an Royal Shakespeare Companyn sartu zen, eta Shakespeareren Ekaitza eta Ibsenen Peer Gynt (1867) antzerki lanean parte hartu zuen, besteak beste. 1992an Tomas Becket santuaren papera egin zuen Jean Anouilhen Becket edo Jainkoaren ohorea (1960) obran. Klaudio I.aren papera eginez zabaldu zen bere ospea mundu osora, BBCk Robert Gravesen Ni, Klaudio (1934) nobelan oinarrituta egin zuen telesailari esker. 1994 urtean Sir izendapena jaso zuen britainiar teatroari egindako ekarpenagatik.