Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jackson, Michael

Estatubatuar kantari, dantzari eta musikagilea (Gary, Indiana, 1958). Bost urte zituela hasi zen kantatzen, bere anaien taldean (The Jackson Five, eta geroago, The Jacksons). Berehala bihurtu zen talde haren buru, dantzarako eta kanturako zuen gaitasunagatik. Gero bakarrik jarraitu zuen bere bidea; Got to Be There (1971) izan zen bere lehen bakarkako diskoa. 1978an The Wiz pelikula musikalean txorimaloaren papera egin zuen eta bere zenbait lan biltzen zituen Off the Wall diskoa grabatu zuen. Thriller (1982) diskoarekin zortzi Grammy sari irabazi zituen eta historiako diskorik salduena izan zen. Dantza egiteko duen moduak, itxura fisiko hauskorrak eta jazteko modu bitxiak eman diote ospea Michael Jacksoni. 1984an, Jacksondarrek Victory diskoa kaleratu eta gero, anaiak berriro bildu eta sei hilabeteko jira egin zuten elkarrekin. Lionel Richierekin batera “We Are the World” (1985) abestia egin zuen; berrogei kantari ospetsu inguruk osatutako taldeak kantatu zuen abestia, eta gosearen aurka lan egiten zuten erakundeei eman zitzaien diskoa salduta atera zen dirua. Bad (1987) diskoa, izen bereko singlea eta abestiaren bideoak salmenten lehen tokietan egon ziren. Gauza bera gertatu zen Dangerous (1992) diskoarekin eta Remember the Time (1992) singlearekin. 1988an bere autobiografia, Moonwalk argitaratu zuen.