Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ispilu

iz. Gainalde leun batek osatzen duen gauzakia, argia islatzen eta pertsona eta gauzen irudia ematen duena. ◊ Eredua, jarraibidea.  v  Antzinako greziar eta erromatarren garaian, ispiluak gainazal oso leuneko zilarrezko edo brontzezko diskoak ziren. Zeltek forma hori bera bereganatu zuten, eta Erdi Aroko Europan halakoak erabiltzen ziren oraindik ere. XII. mendearen bukaeran, beirazko eta metalezko ispiluak egiten hasi ziren, eta XVI. mendean, Venezian eta Nurenberg-en egiten ziren ispiluak oso aintzat hartuak ziren. Hala ere, Veneziarrek ispiluak egiteko zuten modua, nahiz eta sekretua izan, zabaldu egin zen, eta XVII. mendearen erdialderako bazen Parisen eta Londresen ispiluak egiten zituen lantegi ugari. Versailles-ko jauregian ispilu asko erabili zen gelak apaintzeko. XVII. mendearen bukaeran ispiluak ohiko apaingarri izan ziren, eta haien egiturak garai bakoitzeko modaren arabera aldatzen dira: loredunak, klasikoak, zurezkoak, hankadunak, etab. XIX. mendean, produkzioa merkeagotu egin zen sistema berriei esker: beirazko xafla baten gainean, aluminiozko edo zilarrezko erreakzio kimiko bat isurtzean lortu zen.  v  Ispiluek gainazal laua ala biribildua (esferikoa, zilindrikoa. ) izan dezakete, eta helburu askotarako erabil daitezke: irudia handitu edo txikitzeko, teleskopioetarako, etab.