Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Isozaki, Arata

Japoniar arkitektoa (Oita, Kyushu, 1931). 1963an Arata Isozaki Atelier lantegia sortu zuen Tokion. 1967an Expo’70eko arkitektoburu izendatu zuten, Festival Plaza proiektua egiteko, eta Osakako planean ere lan egin zuen. 1973an Aiko Miyawaki eskultorearekin ezkondu zen, eta haren bitartez artista moderno asko ezagutu zuen. Horrek eragin handia izan zuen bere lanean. Metabolistak izeneko japoniar arkitektoen bigarren belaunaldikoa da Isozaki, Kenzo Tangerekin, Kyonori Kikutakerekin, Masato Otakarekin eta Sachio Otanirekin batera. 1960an osatutako talde honek “hirigintza utopikoa” esaten zaiona egin zuen: arkitektura organikoa eta monumentala da, industria gogorarazten duten abangoardiako formez osatua, baina aldi berean, Japoniako tradizioa ahaztu gabe, beren lanek badute halako amaitu gabeko kutsua. Isozakik ere horrelako lan futuristak egin zituen, bere espazioko hiria, esate baterako. Baina talde horren joera batzuei jarraitu baldin badie ere, formalki ez da erabat taldekoa. Bere lan garrantzitsuenen artean hauek aipa daitezke: Osasun zentroa, Nakayama etxea eta klinika, Fukuoka Mutualitate Bankua eta batez ere Liburutegia, guztiak 1960ko hamarkadaren erdi aldea bitartean eginak Oitako Prefekturan; Fukuojako Kitakyushuko Liburutegi Nagusia (1974) eta Los Angeleseko Gaurko Artearen Museoa (1981-1986). Gunmako Arte Ederretako Museoarekin (1971-1974), proposamen berriak bilatu zituen eta forma soiletan eta egitura prismatikoetan gauzatu zituen. Kuboa erabili zuen espazioa banatzeko unitate bolumetriko gisa. Espainian ere zenbait lan egin ditu, esate baterako Palafollseko Kirol Jauregia (1987) Bartzelonan, eta Montjuiceko San Jordi Kirol Jauregia (1983-1990), azken hori 1992ko Olinpiar Jokoetarako.