Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Israel

(Izen ofiziala, Israelgo Estatua; Hebr., Medinat Ysrael; Arab., Isra'il). Ekialde Hurbileko estatua, Mediterraneo itsasoaren ekialdean, Egipto eta Libano artean. Mugak: iparraldean, Libano; ipar-ekialdean, Siria; ekialdean, Jordania eta Itsaso Hila; hegoaldean, Akabako golkoa; hego-mendebaldean, Egipto; mendebaldean, Mediterraneo itsasoa. 20.770 km2 eta 7.000.000 biztanle (2005, israeldarrak). Muga horietatik kanpo, Israelek zenbait lurralde hartu ditu eta kolonoez jendeztatu: Golan (1.150 km2), Zisjordania (5.879 km2), eta Jerusalem Handia (70 km2). Hiriburua: 1980an Israelgo gobernuak Jerusalem (732.100 biztanle, jerusalemdarrak) izendatu zuen herrialdeko "hiriburu bakar eta banaezin". Nazio Batuek ez zuten onartu izendapen hura, eta erakunde horrentzat Tel Aviv da oraindik hiriburu ofiziala. Hizkuntzak: hebreera eta arabiera (ofizialak). Etniak: juduak (% 80), arabiarrak eta beste (% 20). Erlijioa: juduak (% 80), musulmanak (% 15), kristauak (% 2), besteak (% 3). Dirua: Israelgo xekel berria.  v  Orografia eta hidrografia. Israelgo lurraldean lau alde bereizi ohi dira: a) mendebaleko itsasaldea, 185 km luze eta gehienez ere 35 km zabal dena; b) mendialdea, iparraldean Galileako mendiak (Har Meron, 1.208 m), eta haietatik hegoaldera, Esdraelon ordokiak bereizita, Samariako eta Judeako muinoak dituena; c) Itsaso Hileko osina; d) Neguev deritzan hiruki baten gisako eremua, Itsaso Hilak ekialdean, Gazak mendebalean eta Akabako golkoak hegoaldean eratzen dutena basamortuan. Israelgo ibai nagusia, Jordan, ipar-ekialdetik sartzen da Israelen, Galileako itsasoan isurtzen du ura lehenik, eta handik aurrera Siriaren eta Israelen, eta Zisjordaniaren eta Jordaniaren arteko muga da; Itsaso Hilean isurtzen du ura.  v  Klima eta landaretza. Israelgo klimak alde handiak ditu lurraldearen toki batetik bestera. Hegoaldean basamortukoa du, beroa eta lehorra, eta iparraldean, aldiz, Mediterraneokoa. Tenperatura, batez beste, 20,5 °C da itsasaldean; hegoaldean, berriz, 49 °C abuztuan eta 15 °C urtarrilean. Euri gutxi egiten du hegoaldean (25 mm urtean) eta askoz gehiago iparraldean (1.100 mm). Israelgo hosto iraunkorreko basoak ia desagertu dira, nekazaritzarako erabili baitira lur eremu zabalak. Hala ere, iparraldean eukaliptoa, pinuak, eta fruitu garratzeko arbolak ugari dira; hegoaldean, berriz, basamortuko landareak daude. ■ Biztanleak. Israelgo biztanle gehienak kostaldean bizi dira. Han daude herrialdeko hiri nagusiak: Tel Aviv-Yafo (356.000 biztanle), Haifa (252.000 biztanle), eta Holon (164.000 biztanle). Israelgo Estatuak herrialdearen biztanle hazkundea bultzatu zuen Itzulera Legearen bidez (1950). Lau immigrazio uholde handi izan dira, 1948an lehena, 754.000 judu iritsi zirenean, nazien kontzentrazio esparruetan egondakoak gehienak. Gaur egun, Israelgo juduen % 80 Europan eta Ameriketan jaiotakoak dira, % 20 Israelen bertan jaiotakoak, % 15 Afrikan jaiotakoak eta % 13 Asian jaiotakoak. Bien bitartean, palestinar asko Jordaniara, Libanora eta Siriara erbesteratu dira, 1948ko eta 1967ko gerretan batez ere. ■ Erlijioari dagokionez, dotrinaren arabera, juduak bi talde nagusitan bereizi ohi dira: askenazi errituaren jarraitzaileak, Europako erdi eta ekialdetik etorritakoak, eta sefardiak, Mediterraneotik eta Asiatik etorritakoak. Arabiar biztanleriaren batez bestekoa, berriz, asko murriztu da juduen migrazioak hasi zirenez geroztik: 1948. urtearen hasieran biztanleen % 65 arabiarrak ziren, gaur egun, ordea, % 16 dira, gutxi gorabehera; juduen migrazioez gainera, biztanleen jatorriaren aldaketa horren eragile nagusia 1948. urteko gerra izan zen, arabiar askok ihes egin baitzuten orduan. Arabiar gehienak musulman sunniak dira, arabieraz mintzatzen dira, eta Negueven eta Galilean bizi dira. Kristau gehienak, ortodoxoak eta katolikoak, Jerusalemen bizi dira, eta drusoak, aldiz, Galilean. Hizkuntza ofizialaz gainera, beste asko mintzatzen dira, mendeetan Israeldik kanpo bizi izanik juduek bereganatu dituztenak: ingelesa, frantsesa, alemana, yiddisha (hizkuntza germanikoa), errusiera, errumaniera eta ladinoa (gaztelaniaren dialektoa, sefardien mintzabidea). Biztanleen % 90 erdialdeko eta iparraldeko hirietan bizi dira, Mediterraneoko itsasaldean batez ere. Gaur egun arabiarren kopurua juduena baino bizkorrago ari da handitzen: juduen jaiotza tasa arabiarrena baino heren bat apalagoa da, eta heriotza tasa handiagoa; hala ere, jaioberrien heriotz tasa apalagoa da juduen artean. ■ Ekonomia. Israelgo ekonomia Ekialde Hurbileko emankorrenetako bat da, eta hiru oinarri nagusi ditu: nekazaritza, balio erantsi handiko produktuetan espezializatutako industria, eta kanpoko inbertsioak. Nekazaritza funtsezkoa izan da Israel –arabiar herrien artean bakarturik– elikagaiez hornitzeko eta aurrera irten ahal izateko. Israelgo uraren % 80 nekazaritzarako erabiltzen da, eta horrek arazo handiak sortzen ditu ur hornikuntzan. Eremu ureztatu zabalenak kostaldean eta Hulako ordokian daude. Batez ere zitrikoak lantzen dira, esportatzeko. Mendialdean tabakoa eta barazkiak lantzen dira, eta Jezraelgo ordokian eta Negeben laboreak, garia batez ere. Eremu urteztatu horietan, bestalde, abereak eta hegaztiak hazten dira, eta orobat Galileako mendialdean eta Negeben. Bigarren sektoreak Nazio Produktu Gordinaren (NPG) laurden bat baino gehiago ematen du: manufakturak, energia, eraikuntza eta meatzeak dira jarduera garrantzitsuenak. Meatoki nagusiak Negebeko basamortuan daude: fosfatoak, kobrea, manganesoa eta burdina ateratzen dira, eta baita petrolio eta uranio pixka bat ere. Itsaso Hiletik, bestalde, gatza ateratzen da. Israelgo industria Sortalde Hurbileko aurreratuena da. Armagintzak, mundu osoko juduen laguntzaz eta amairik gabeko gerra egoera dela-eta, izugarrizko garrantzia du. Horrekin batera, industriako sektore inportanteenak metalurgia eta kimika dira.  v  Gobernua eta gizartea. Israelek errepublika antolamendua eta parlamentu-gobernua du. Konstituzioa idatzi gabe dago artean, eta jardueraren jardueraz ari da antolatzen. Knesset biltzarrak du legegintzarako ahalmena; biltzarreko 120 kideak lau urtez behin hautatzen dira. Knesset-ek hautatzen du lehendakaria bost urtez behin, eta lehendakariak Lehen Ministro bat izendatzen du gobernuburu. Israelgo alderdi politiko nagusiak Langileen Alderdia eta Likud alderdia dira. Israelgo estatua sortu zenetik 1977 arte, Langileen Alderdia izan zen garaile hauteskunde guztietan. 1980tik aurrera bi alderdiek parte hartu dute gobernuan.  v  Osasun egoera, oro har, ona da, eta bizi itxaropena 75 urtekoa. Israelgo Osasun ministerioak sektore publikoa babesten eta pribatua begiratzen du. Gizarte laguntzak langabeak, lan istripuak, ama erditu berriak eta abar babestea du helburu. Histadrut-ek Israelgo langile gehienak babesten ditu eta laguntza ematen du gaixo daudenerako. Irakaskuntza orokorra eta doakoa da 5-15 urte bitartekoentzat. Goi mailako ikasketarako ikastetxeak dira, beste batzuen artean, Jerusalemgo Hebrear Unibertsitatea (1925) eta Haifako Israelgo Institutu Teknologikoa (1924). Israelgo estatuak juduen kultura eta erlijioa aintzat hartzen ditu baina gainerakoenak ere onartzen ditu. Soldaduskarako heziketa eskolan bertan hasten da, eta bai gizonek bai emakumeek egin behar dute soldadutza. ■ Historia. Hebrear herria Palestinan sartu zen K.a. 1.200 urte inguruan eta han bizi ziren herriekin (moabiarrak, filistarrak, etab.) nahastu ziren eta hebrear erreinua osatu zuten. Hebrear erreinuaren urte oparoenak Dabid erregearen (K.a. 1015-975?) agintaldikoak izan ziren. 930. urte aldera bitan banatu zen estatua: Judea eta Israel. Asiriarrek hartu zuten Judea 722. urtean eta babiloniarrek Israel 587an. Haien ondotik persiarrak, greziarrak eta erromatarrak iritsi ziren; K.o. 70 urtean Erromako inperioak juduak erbesteratu zituen. Hurrengo mendeetan beste herri askok hartu zuten Palestina: bizantziarrek, persiarrek, arabiarrek, gurutzadetako soldaduek, mamelukoek, otomanoek eta britainiarrek. Harrez gero, galdutako lurraldera itzultzea izan zuten mundu osoan zehar sakabanatuak zeuden juduek helburu nagusi.  v  Judu elkarte asko, beren ohiturak eta sinesmenak gorde bazituzten ere, bizi ziren tokietan integratzen saiatu ziren. Hala, XIX. mendean, Europako sartaldeko juduak onartuak izan ziren bitartean, Errusian, aldiz, bertakoetatik bereizita bizi ziren. Hebrear estatua sortzeko ahaleginak egin ziren, eta judu guztiak batera Palestinara emigratzeko eta estatu berri bat sortzeko asmoa gero eta gehiago sendotu zen. Mugimendu sionista zen ideia horien sustatzaile nagusia, eta Errusiako juduak izan ziren lehenak asmo hori betetzen. Hala ere judu guztiak ez ziren sionismoaren jarraitzaile: batzuek bizi ziren herrialdean integratzea proposatzen zuten eta, beste batzuek, aldiz, Palestinara itzultzea, Jaungoikoaren gidaritzapean.  v  Palestinaren kolonizazioa. 1917an Britainia Handiak hartu zuen Palestina, Lehen Mundu Gerraz geroztik turkiarren mendean egon zena. 1922an Nazio Batuen Elkarteak lurraldea gobernatzeko eskubidea onartu zion Britainia Handiari, burujabetza lortu bitartean. Britainiarrek laguntza eman zieten Palestinara joan nahi zuten juduei, betiere, han bizi ziren arabiarren eskubideak babestuko zirelakoan. Izan ere, artean, Palestinako biztanle gehienak arabiarrak ziren. 1923-1939 bitarteko urteetan ahaleginak egin ziren lurraldea bi estatutan, hebrearra eta arabiarra, banatzeko, baina etnia bakoitzak beretzat nahi zuen lurralde osoa. Bien bitartean, arabiarren eta juduen arteko lehen gerra piztu zen 1936an. 1939ko agiri ofizial batean arabiarrei laguntzeko eta juduen immigrazioa murrizteko eta hedapena mugatzeko agindua eman zen. Bigarren Mundu Gerran naziek Europa harturik juduei esetsi zietenean (sei bat milioi judu hil zituzten), juduek oldeka ihes egin zuten, eta britainiarrek Palestinan ezarri zizkieten mugak igaro zituzten. Mugimendu sionista banatu egin zen, eta britainiarren kontra matxinatu ziren muturreko talde armatuak sortu ziren.  v  Israelgo estatu independentea. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, arabiarren eskakizunei muzin eginik, eta 1948an britainiarren agintaldia Palestinan amaiturik, Israelgo estatua sortu zen. Israelen mugan zeuden arabiar herriek lurraldearen ekialdean eta hegoaldean sartu ziren handik gutxira (Palestinako gerra). 1949an su-etenak sinatuagatik israeldarrek gerran irabazi zituzten lurraldeak gorde zituzten (beretzat eskatzen zuten lurraldearen % 50 bat gehiago, Jordaniaren mendean geratu zen Jerusalemgo zati bat eta Egiptoren mendean geratu zen Gazako zatia izan ezik). Arabiar herrientzat israeldarrak arrotzak ziren, eta palestinarrentzat, berriz, beren lurraldetik kanpora egotzi zituzten etsaiak. Hurrengo urteetan palestinarrekin guduak eta arabiar herrien boikotak izan ziren. Egiptoarrek Suezko ubidea itxi izana aitzakiatzat hartuta Israelgo gudarostea Egipton sartu zen eta Gaza eta Sinaiko penintsula ia osoa hartu zuen (Suez-ko gerra). Nazio Batuek talde berezi bat bidali zuten su-etena begira zedin, baina egiptoarrek hala eskatuta begiraleak joan zirenean israeldarrak berriz sartu ziren: Suezko itsasertzeraino iritsi ziren; Gaza, Sharm el Shaykh-eko gotorlekua Itsaso Gorrian, Jerusalem eta Zisjordania osoa hartu zituzten, eta 51 km egin zituzten Sirian barrena (Sei Eguneko gerra). Jordanian babestua zegoen Palestinaren Askapenerako Erakundeak (PAE) israeldarren kontra egin zuen, eta Israelek, berriz, Jordaniaren kontra Jordaniak palestinarrei eman zien laguntzagatik. Azkenik, Jordaniako Hussein erregeak PAEko buruzagi nagusiak egotzi zituen eta haiek Libanora joan ziren. Israelek, berriz ere, ahaleginak egin zituen Libanoko gobernuak PAEko buruzagiak kanpora egotz zitzan. Bien bitartean, Israel bakartua zegoen: Sobiet Batasunak eta Europako mendebaleko nazio batzuek Israelen jokabidearen kontrako jarrera agertu zuten eta inguruko herrialde guztiak etsaiak zituen; laguntza bakarra Estatu Batuetatik heldu zitzaion. 1973an Egiptok eta Siriak elkar hartu zuten Israeli erasotzeko eta galdutako lurraldeak berreskuratu ahal izateko (Yom Kippur-eko gerra). 1977ko hauteskundeetan Likud alderdia izan zen garaile, 1948az geroztik aginpidea zuen Langileen Alderdia garaituta, eta Menahem Begin izendatu zuten Lehen Ministro. 1978an bake hitzarmena izenpetu zuten Egiptok eta Israelek (ik. Camp David-eko hitzarmena). Gainerako arabiar herriek, ordea, hitzarmena gaitzetsi eta Egiptorekiko harremanak eten zituzten. 1982an Israel Libanoko hegoaldean sartu zen han zeuden palestinarrak menderatu nahiz, eta libaniar kristauen militar taldeek Sabrako eta Chatilako palestinar iheslarien eremuei eraso eta jende asko hil zuten. Hurrengo urtean Menahem Begin Lehen Ministroak kargua utzi zuen eta haren ordez Yitzhak Shamirrek hartu zuen. 1984ko hauteskundeetan Simon Peresek hartu zuen Lehen Ministro kargua eta koalizio-gobernua antolatu zen ekonomia egoera suspertzea eta bakea lortzea helburutzat hartuta; 1986an Shamirrek lortu zuen berriz Lehen Ministro kargua. Gaur egun, gudaroste indartsua eta Estatu Batuen laguntza izanagatik, egoera larria bizi du Israelek arabiar herrien aurrean. 1988an Zisjordaniako eta Gazako palestinarrek, su arma gaberik, matxinada (intifada) hasi zuten, Israelgo gudarosteak kupidagabe zapalduagatik gaur egun ere dirauena. Persiako golkoko gerran (1991) Irakek misilak jaurti zituen Israelera, baina Israelek, Estatu Batuen gomendioz, ez zion erasoari erantzun. Gerra bukatutakoan Estatu Batuek “Baker-en bake plana” proposatu zuten, baina Israelek ez zuen PAE-a palestinarren ordezkaritzat onartu, ezta bakea lortzeko hartutako lurraldeak itzuli behar izatea ere. Irakeko gerraren ondoren (1991), eta Estatu Batuek bultzatuta, lurraldeka bakea lortzeko proposamenak egiten hasi ziren. Siria eta Libanok “anaiarte, laguntza eta koordinazio” itun bat izenpetu zuten Damaskon. Israelek Siriaren mehatxutzat hartu zuen ituna. Urte hartan bertan Israelek laguntza ekonomikoa eskatu zien Estatu Batuei, Sobiet Batasun ohiko etorkin uholde handiari aurre egin ahal izateko. Datu ofizialen arabera, 400.000 inguru judu sartu ziren Israelen 1989 eta 1991 bitartean. Gobernuak Zisjordanian kokatu zituen etorkinak. Lanpostu berriak sortzeko ahaleginak ahalegin, % 11koa zen garai hartan langabezia. Lurraldean bakearen aldeko negoziazioak bultzatu nahirik, Estatu Batuak Israeli diru laguntza emateko prest agertu ziren, diru hori lurralde okupatuetan etorkin gehiago kokatzeko ez erabiltzekotan. Hala, lurralde okupatuetan etxebizitza gehiago eraikitzea aho biko arma bilakatu zen Itzhak Shamirren gobernuarentzat. Batetik, Israelentzat ezinbestekoa zen diru laguntza hori Sobietar Batasun ohiko etorkinak kokatzeko, eta bestetik, palestinarrek eta arabiarrek lurralde okupatuetan ez eraikitzea eskatzen zuten, bakearen aldeko elkarrizketetan parte hartuko bazuten. 1991ko urrian Ekialde Hurbileko Bakearen aldeko Biltzarra egin zen Madrilen, Estatu Batuen eta Sobiet Batasuna zenaren babespean. Jordania, Libano, Siria eta Israelgo ordezkariek parte hartu zuten; palestinarrak Jordaniako ordezkaritzaren barruan joan ziren, Israelek uko egin baitzion palestinarrekin zuzenean negoziatzeari. Arabiar herrialdeek "bakea lurraldearen truke" proposatzen zuten. Israelek ez zuen onartu proposamena, baina behin-behineko irtenbide gisa, eta bost urteko eperako, prest agertu zen lurralde okupatuetako palestinarren “autogobernuaz” hitz egitera. Proposamenak krisia eragin zuen gobernuko koalizioan: eskuin muturreko alderdiek gobernua utzi zuten eta Shamir gehiengorik gabe geratu zen Legebiltzarrean. 1992ko otsailean Israelek Libanoko hegoaldeko palestinarren esparruei eraso zien. Eraso hartan Hezbola taldeko buruzagietako bat, Abas Musawi, hil zen. Horrek gatazka bizitu zuen iparraldeko mugan. 1992ko ekaineko hauteskunde orokorretan laboristak izan ziren garaile eta Itzhak Rabin izendatu zuten Lehen Ministro. Berehala, bertan behera utzi zen etxebizitzen eraikuntza lurralde okupatuetan, eta Estatu Batuek Israeli maileguak emateko bermeak desblokeatu zituzten. Bien bitartean, Israelek Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen eta Hezbolaren baseei eraso zien Libanoko hegoaldean. Sei egunetan 130 pertsona hil ziren eta hamabost herri suntsitu zituzten. 1993ko irailean, Oslon hilabeteetan eta isilpean negoziatzen aritu ondoren, Israelgo agintariek eta Palestinaren Askapenerako Erakundeko (PAE) buruzagiek Gazako eta Jerikoko palestinarrei autogobernua emateko lehen hitzarmena sinatu zuten. Erregimen hori Zisjordania osora zabaltzeko asmoa zegoen gero. Negoziazioek Kairon segitu zuten, baina aldeak ez ziren ados jarri mugaren eta uraren kontrolari zegokionez. PAEk, gainera, 1.000 preso politiko askatzea eskatzen zuen. Bai Hamas taldeko palestinar erradikalek eta Hezbolako irandarzaleek, bai lurralde okupatuetako israeldarrek, erabat arbuiatu zuten hitzarmena. Egoerak zapart egin zuen handik gutxira. 1994ko otsailean, Israelgo eskuin muturreko kide batek Aitagoien Hobian –Hebronen– otoitz egiten ari ziren hamarnaka palestinar hil zituen tiroka. Bizirik atera zirenek kolpeka hil zuten bera. Hebrongo sarraskiaren ikerketa ofizialak agerian utzi zuen lurralde okupatuetako soldaduek kolono armatuei aurre ez egiteko agindua zutela. Ikerketak jakinarazi zuenez, gainera, soldadu batzuek tiro egin zuten jendetzaren aurka eta tenpluko ateak itxi zituzten jendeak ihes egin ez zezan. PAEk bertan behera utzi zituen negoziazioak, eta kolonoei berehala armak kentzea eskatu zuen, eta NBEri sarraskia kondena zezala. NBEk hilketak gaitzetsi zituen eta bake-gudarosteak bidali zituen lurralde okupatuetara. NBEn adierazpenaren ondoren, Siria, Libano eta Jordania Israelekin negoziatzen hasi ziren berriro. Jordaniak Isralego gudarostea Itsaso Hileko hegoaldetik eta Jordaniako iparraldetik alde egitea, Jordan eta Yamuk ibaietako urak banatzea eta 57 mila iheslari palestinar atzera aberriratzea eskatzen zuen. Libano eta Siriarekin zailagoa izan zen elkarrizketa. Damaskok Israelgo gudarosteak Golanetik alde egitea eskatzen zuen, eta Tel Avivek, berriz, Siriari behin betiko bakeak egiteko konpromisoa, elkar ezagutzea, eta harreman diplomatikoak hastea. 1994ko lehenengo hilabeteetan alde biek Golango militar kopurua gutxitzea eta nazioarteko begiraleak egotea onartu zuten. 1994ko maiatzeko lehenengo egunetan Israelgo Lehen Ministro Itzhak Rabinek eta PAEko lehendakari Jassir Arafatek Gaza eta Jerikori autonomia emateko hitzarmena izenpetu zuten. Hilaren bukaeran Israelgo gudarosteak Gazatik alde egin zuen, lurraldea okupatu eta 27 urte geroago. Jordaniarekiko negoziazioek aurrera egin zuten, eta uztailean bi herrien arteko gerra egoera amaitzea hitzartu zuten. Siriarekin, berriz, ez, Israelek ez zuelako Golanetik erabat alde egin nahi. Hurrengo urtean areagotu egin zen Israelgo gizartearen zatiketa. Manifestazio asko egin ziren Rabinen aurka. Azaroan, eskuin muturreko gazte israeldar batek Lehen Ministroa hil zuen. Haren alderdikide batek, Shimon Peresek, hartu zuen Rabinen lekua, baina hurrengo urteko hauteskundeetan, eskuineko hautagaia, Benyamin Netanyahu, nagusitu zitzaion. Kontserbadoreek bertan behera utzi zituzten negoziazioak, eta egoerak okerrera egin zuen. Irailaren erdian, bake hitzarmenean hartutako erabakiak hautsiz, Isralego gobernuak baimena eman zuen tunel bat zulatzeko Al-Aqsa meskitaren azpian –islamaren leku santu nagusietako bat da–. Erabaki horren aurkako protestetan zenbait soldadu israeldar eta hamarnaka palestinar hil ziren. Netanyahuk, zeinak gogor kritikatu izan baitzuen Rabin, Arafatekin hitz egin izanagatik, palestinar buruzagiarekin elkartu zen 1996ko bukaeran eta 1997ko hasieran, israeldar gudarostea Hebrongo hiritik (Zisjordania) alde egitea negoziatzeko. 1997ko martxoan, gobernuak Jerusalemgo palestinarren aldirian beste kolono-herri bat eraikitzeko asmoa azaldu zuen. Palestinarren agintaritza eta Estatu Batuak herria eraikitzearen aurka azaldu ziren, Osloko hitzarmena urratzen zuelako. Netanyahuren erabaki irmoak elkarrizketak eten zituen. Ehud Barak jeneral erretiratuak Alderdi Laboristaren gidaritza eta oposizioko buruzagitza hartu zuen Peresen ordez. 1997ko azaroan Israelgo Auzitegi Gorenak baimena eman zuen kartzela zigorra beteta zuten 21 libanoar preso espetxean atxikitzeko, Libanon bahitutako israeldarrekin trukatu ahal izateko gero. Hori baino lehen, atxilotuei egiten zaizkien galdeketetan “presio fisiko moderatua” baliatzea ere onartu zuen. Aaron Barak epaileak adierazi zuen, egoera horietan “derrigorrezkoa” zela giza eskubideak urratzea. Azaroan, Rabinen hilketaren bigarren urteurrenean, Israelen sekula egin den manifestazio jendetsuenetako batean, Palestinarekin behin betiko bakeak egitea eskatu zen. 2000. urtean Israelgo gudarosteak Libanoko hegoaldea utzi zuen, 1983 ezkero okupatuta baitzeukan. 2000ko uztailean, Camp David-eko goi bilera egin zen, Ehud Barak Israelgo Lehen Ministroaren eta Yasser Arafat Palestinako Aginteko lehendakariaren artean, Bill Clinton Estatu Batuetako lehendakariaren eraginez. Bilera hartan, Barakek plan bat eskaini zion Arafati palestinar estatu bat sortzeko, baina Arafatek uko egin zion. Bilerak ez zuen emaitzarik eman, eta hura bertan behera gelditu zenean, bigarren intifada hasi zen lurralde okupatuetan. 2001eko hauteskunde berezietan, Ariel Sharon izendatu zuten lehendakari. Bere agintaldian, Sharonek Gazako Zerrendatik erretitzatzeko asmoa bete zuen eta, bestalde, Zisjordania zeharkatzen duen harresia eraikiarazi zuen. Harresi hori oso eztabaidatua da; batzuentzat, beharrezkoa du Israelek palestinar atentatugileengandik babesteko; beste batzuentzat, ordea, harresi hori palestinar lurralde zati bat bereganatzeko aitzakia besterik ez da, eta bakartuta eta inkomunikatuta uzten ditu palestinarrak. 2006an garuneko jario baten ondorioz Sharon koma egoeran gelditu zen, eta Ehud Olmertek hartu zuen berriz lehendakaritza. 2006ko udan, Libanoko Bigarren Gerra esaten zaiona hasi zen. Hezbolako ekintzaile batzuek koheteak bota zituzten Israelgo iparraldera, eta israeldar soldadu batzuk hil eta haietako bat bahitu zuten. Ekintza horri erantzunez, Israelek Libano inbaditu zuen, borroka handiak izan ziren israeldar armadaren eta Hezbolaren artean, eta Israelek bonbardaketa gogorrez zanpatu zuen Libano, zibil asko hilez eta eraikin eta azpiegitura asko porrokatuz. Handik hilabetera bukatu zen gerra. 2007an, israeldar Lehen Ministro Ehud Olmert eta palestinar lehendakari Mahmoud Abbas hizketan hasi ziren berriz konponbide bat aurkitu nahian. 2008. urtearen amaieran, Hamasen eta Israelgo estatuaren arteko su-etena hautsi egin zen, Gazako Zerrendatik Israelera Hamasek koheteak bota zituenean. Israelek Gaza hegazkinez bonbardatuz, aurrena, eta, gero, Gaza lurrez inbadituz erantzun zuen, eta sekulako sarraskia eragin zuen zibilen artean, eta hondamen ia erabatekoan utzi zuen Gaza. 2009ko urtarrilean amaitu ziren eraso horiek.
http://www.gov.il/firstgov/english