Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ibai Horia edo Huanghe

Txinako bigarren ibai luzeena eta munduko bosgarrena  ibai nagusia, 5.000 km inguru luzea; 1.036.000 km2 baino gehiagoko arroa du. Tsinghai probintzian sortzen da, Kuen Lun mendietako ertz batean, Tibeteko ordoki handiaren iparraldean. Ibaiadar gutxi ditu (nagusiak: Fen eta Wei). Lurralde lehorrak zeharkatu eta alubioizko material ugari baitarama, ibaiaren ur-emaria guztiz irregulara da: segunduko 3.000 m3-etatik 30.000ra pasa daiteke egun batetik bestera. ■ Bere ibilbidean bi zati nagusi bereiz daitezke: mendialdea eta lautada. Lautadan, bestalde, erdialdeko eta behealdeko arroak bereizten dira. Ibaiak Kunlun mendietan du sorburua, Txinako mendebalde urrunean. Bere ibilbidearen erdialdean Ordos-eko basamortuan eta loess lurreko lautadan zehar igarotzen da, eta azken horretan Wi eta Fen ibai adarren urez gizentzen da. Ibai arroaren behe edo azkenaldea Henan probintziaren iparraldean hasten da, eta Ipar Txinako Lautada zabala igarotzen du. Lautada itsasoraino zabaltzen da, Shandong probintziako muinoek etena. Ibaiak Itsaso Horian isurtzen du ura, eta mendeen joanean, bere bokalea iparraldera eta hegoaldera mugituz joan da, Shandong penintsulan, 800 kilometroko tarte batean. Hai eta Huai ibaiak, Txinako iparraldeko kostako ibai nagusietako batzuk, Hoang ibaiaren adarrak dira egun. ■ Ibaiaren behealdean dagoen ezponda sistema K.a. VI. mendean hasi zen eraikitzen. Gerra garaietan, etsaiek ezpondak baliatzen zituzten ibai oldeak desbideratu eta auzoak suntsitzeko. Izan ere, uholdeak izaten direnean, urak lursailen eremu zabalak estal ditzake eta biztanleen hondamena ekarri. Ibaiaren behe arroko zenbait tokitan ibai azpia aldameneko lursailak baino askoz gorago dago. Izan ere, ibai zolan lohia pilatuz baitoa, txinatarrak ezpondak eraiki beharrean izan dira menderik mende ibaiak gainezka egin ez dezan. Txinaren historian uholde ikaragarriak gertatu dira. Handienetan, uholdeak eta ondoko goseteak milioitik gora pertsona hil izan ditu. Ibaiaren beste arazo handi bat dakarren lohi pila handia da, eragozpen handia gertatzen baita indar etxeentzat, hiri kontsumorako eta industriarentzat. XX. mendearen bukaeran ura Yangzi ibaitik Ipar Txinako Lautadara desbideratzeko proiektu handi baten eraikuntza hasi da, Ibai Horia eta bere adarren ura eskualde horretako hiri eta industria hazkundeak behar duena asetzeko aski ez delako. ■ Txinako historialariek Txinako zibilizazioaren sehaskatzat daukate. Izan ere, Ibai Horia eta Wei, Fen eta Wuding bezalako ibai adarrak Txinaren historia luzeko gertakari handien sorburu izan dira. Dinastien aroko aurreneko hiriburuak Ibai Horiaren adar nagusiaren ertzean eraiki ziren, Wei ibaiaren ertzean alegia. Ibai sistemak eta ibarrek garrantzi handia izan dute Txinako historiako azkeneko 3000 urteetan. Ibaiaren eta bere adarren kontrolik ezean –eremu horrek eskaintzen duen labore eta elikagai kopuru izugarria gabe, alegia–, nekez izango zuen Txinak Txin (Qin) dinastiaz geroztik (K.a. 221-206) izan duen zabalkunde politiko eta militar handia.