Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hobbes, Thomas

Ingeles filosofoa (Westport, Malmesbury, 1588 - Hardwick, 1679). Oxford-en egin zituen ikasketak. Galileo ezagutu zuen Italian, eta Mersenne Frantzian, 1640tik 1651ra bitartean han bizi izan baitzen, bere erregezaletasuna zela eta Ingalaterran egoteko beldurrez. Filosofia materialista eta pesimista da Hobbes-ena, bere garaian eta gerora ere gogor kritikatu zuten arren Mendebaleko pentsamentu politikoan eragin handia izan duena. Leviathan izeneko obran, gizonen berezko izaera gordinaren deskribapen guztiz beltza egin zuen. Haren arabera, bizia “higuina, zakarra eta laburra” da; bortxazko heriotzaren beldurrak eraman du jendea estatua sortzera, berez norberari dagozkion eskubideak aginte bakarraren esku utzirik. Erregearen aginpidea jatorriz jendeak emana bada ere (eta ez Jainkoak), erabatekoa da, eta ez du hartan ez elizak ez beste inork zertan sarturik. Gizarte hitzarmen delako gogoeta horrek ikerbide eta teoria aski desberdinetara eraman ditu ondorengo politika aztertzaileak (Locke, Spinoza, Rousseau). Hobbesen beste obra batzuk: De cive, De corpore.