Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ho Chi Minh

(Nguyen Ai Quoc). Vietnamdar politikari eta poeta, Vietnamgo Herri Errepublikaren sortzailea (Kim Lien, Nghe An, 1890 - Hanoi, 1969). Frantziako Alderdi Komunista sortu zenetik kidea izan zen (1921). Komintern-eko V. Kongresuko kidea (1924). Txinara joanik (1925), Asiako hego-ekialderako Komintern-eko batzorde-buru izan zen, eta vietnamdar iraultzaileen prestamen politikoaz eta antolakuntzaz arduratu zen. Kuomingtang-erako ere lan egiten zuen. 1930ean Vietnamgo hiru talde komunista batu eta Indotxinako Alderdi Komunista sortu zuten Hong Kong-en. Berak hartu zuen alderdiaren lehendakaritza. Bigarren Mundu Gerraren garaian japoniarren kontrako erresistentzia antolatu zuen; gerra amaiturik, 1945eko abuztuaren 19an frantsesen aurkako matxinada orokorra gertatu zen. 1946ko irailean Vietnam osoaren independentzia aldarrikatu eta Frantziak onartu ez eta Vietnam hegoaldeko errepublika antolaturik, Indotxinako Lehen Gerra izan zen, Dien Bien Phu-ko garaipenarekin amaitu zena (1954). Genevako bake-konferentzian esku hartu zuen (1954ko uztaila) eta urte berean Vietnamgo Errepublika Demokratikoko lehendakari bihurtu zen. 1955ean Estatu Batuak Saigonekin harremanetan sarturik, 1956rako Genevan aurrikusitako hauteskunde orokorrak bertan behera gelditu ziren: Indotxinako Bigarren Gerra (1966-1975) egoera hartatik etorri zen. v Literaturaren aldetik, Ho Chi Minh-en idazlanik adierazgarrienak Obra hautatuak izenburupean bildu dira. Lirismotik eta ideia abstraktoetatik urrun, eguneroko bizitzari dagozkion arazo zehatzak dira Ho Chi Minh-en poesiaren gaiak. Txikitatik elebiduna zenez, txinerazko dialekto nagusiak bazekizkien eta Txinako bigarren kartzelaldian bertsoz moldatu zuen Kartzelako egunkaria (euskararako itzulpena bada, Iñaki Aramaiok egina) mandarin hizkuntzaz idatzia da.