Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ho Chi Minh Hiria

(Ho Chi Min Thah Tho, lehen Saigon). Vietnam hegoaldeko hiria, itsasotik 80 km-ra, han Saigon izena hartzen duen Mekong ibaiaren deltako adar batean. 4.000.000 biztanle. Nekazaritza eskualde emankor (arroza, azukre kanabera, tabakoa, kautxua) baten irtenbide naturala da, eta merkatu eta esportazio hiri gisa garatu da. Halaber, produktu horien eraldaketa industria, oihalgintza, mekanika, itsasontzigintza eta eraikuntzarako materialen industria dira nagusi. Burdinbideak, errepideak eta hegazkinek lotzen dute Hanoirekin. v Historia. Saigon XVII. mendean sortu zen, vietnamdarrak han zegoen khmer herriaz jabetu ondoren. Ondoko mendean jadanik frantsesek esku hartu zuten hango arazoetan. XIX. mendearen erdialdean hiria hartu eta lurralde osoa beretu ondoren, Kontxintxinako hiriburu izendatu zuten. 1880tik aurrera frantsesek europar ereduko hiria eraikitzeari ekin zioten. Geroztikako gorabehera politikoetan, bai frantsesekin bai amerikarrekin, Vietnamgo hegoaldeko hiriburu izan zen. Askapen gerra amaiturik (1975eko apirilean) Saigon izen historikoa utzirik, gaur egungo izena eman zitzaion, Ho Chi Min buruzagi abertzalearen ohoretan.