Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hesse, Herman

Alemaniar idazlea, suitzar herritartua (Calw, Wurtemberg, 1877 - Montagnola, Lugano, 1962). Erlijiozko giroan hazi zuten baina gaztetan jadanik bere gurasoek eman nahi zioten teologia ikasketatik aldendu zen. Etxetik alde egin zuen hamalau urte zituela eta erloju konpontzaile eta liburu saltzaile gisa aritu zen literatura jarduerari ekin aurretik Tübingen-en eta Basilean. Idazle baten sorterrirako itzulera kontatzen duen Peter Comenzind (1904) eleberriarekin eman zen ezagutzera. Unterm Rad (1906, Gurpilaren azpian) izenburuko bigarren eleberrian gurasoen eta irakasleen larderiak hertsitako haurtzaroaren berri ematen du. 1911n Indiara joan zen bidaiari. 1914ko gerraren hasieran bakezaletasunari atxikia agertu zen, baina gerrak eta arazo pertsonalek krisi sakona eragin zioten. Ondoko eleberrietan gizakiaren barne kontraesanak aztertzeari ekin zion: Demian (1919), jainkozkoaren eta deabruzkoaren arteko gaztazka; Siddharta (1922), hinduen mitologiak iradokia; Steppenwolf (1927, Estepako otsoa), garaiko krisi espirituala; Narzis und Goldmund (1930, Nartziso eta Gozmundo). Azkeneko eleberrian, Das Glasperlenspiel (1943, Beirazko perlen jokoa), gizaki hautatuek osaturiko izpiruzko komunitate bat aurkeztu zuen; hala, Sartaldeko zibilizazio teknikoaren eta sortaldeko filosofiaren sintesia egin nahi izan zuen. v 1946an Literaturako Nobel saria jaso zuen. v Molde klasikoak erabiliz, Hesseren obra sentiberatasunaren, arrazoiaren eta sentimenduaren artean mugitzen da. Ekialdeko mistizismoak erakarria izan zen aldetik, Europako abangoardietan izan zuen eragina, bai eta AEBetako hirurogeigarrenetako kontrakulturan ere, gazte hippy-engan esate baterako.