Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hesse

edo Hessen. Alemaniako erdialdeko land edo estatu federatua. Antzinako Prusiaren mendeko Hesse eta Hesse-Nassau lurraldeen bat egitetik sortua, 1945ean. Renaniako mendiak ditu ekialdean, eta Thüringer Wald edo Turingiako oihana mendebalean; iparraldetik Diemel ibaiak, eta hegoaldetik Neckar ibaiak mugatzen dute. 21.115 km2; 5.576.000 biztanle. Hiriburua: Wiesbaden. Hiri nagusiak: Darmstadt, Frankfurt, Kassel, Marburg. v Geografia. Alemania hertziniarraren erdialdean dago. Zuhaitzez hornituriko harearrizko goi-ordokietan zenbait sumendigune gorago daude (Rhon, Vogelsberg, Meissner). Taunus eskistozko mendiak ditu Frankfurt-eko iparraldean, eta Odenwald mendiak hegoaldean. Ibaiak: Rhin eta haren adarrak (Main eta Lahn), Weser, Werra eta Fulda. Basoek lurraldearen % 40 hartzen dute, eta nekazaritzak ez du inoiz pisu handirik izan, lurraren pobrezia dela eta. Hesseko iraganbidean eta Rhin eta Main-eko ibarretan soilik ateratzen zaio etekin onik fruituen eta bereziki mahatsaren ekoizpenari. Energia baliabideak aski urriak dira: Taunus-eko burdina, Fulda-ko potasa, Frankfurt eta Kassel inguruko lignitoak. Rhin-Main ardatzean, Wiesbaden-etik Frankfurt-era eta Darmstadt eta Kassel inguruan dira industriagune nagusiak. Eraikuntza mekanikoa eta elektrikoa eta elektronika dira jarduerarik behinenak, kimika eta ohialgintzarekin batera. v Historia XII. mendean Turingiarekin bat egin zuen. Filipe Bihoztuna hil zenean (1567), lau estatutan zatitu zen eta haren semeen artean banatu ziren: Hesse-Kassel, Hesse-Darmstadt, Hesse-Rheinfels eta Hesse-Marburg. Azken biok aurreko bien mende geratu ziren XVII. mendean. Hesse-Kassel Prusiak beretu zuen 1866an; Hesse-Darmstadt, berriz, Ipar Alemaniako Estatuen Konfederakundera bildu zen. Bigarren Mundu Gerra amaiturik, Hessen eta Renania-Palatinatuaren artean zatitu zen.