Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gutiérrez Caba, Irene

Espainiar antzezlea (Madril, 1930 - Madril, 1995). Antzezle familia batean hazi eta hezi zen, eta oso gazterik hasi zen antzerkian lanean. Protagonista gisa, 1963an lortu zuen lehen aldiz arrakasta, Alfonso Pasoren Los derechos del hombre (Gizakiaren eskubideak) komedian egin zuen lanarengatik (Arte Ederretako Zirkuluko zilarrezko Minerva saria). Antzerkigintzan, Mihuraren obra askotan parte hartu zuen: Maribel y la extraña familia (Maribel eta familia bitxia), A media luz los tres (Erdi itzalean hirurak), El chalet de Madame Renard (Madame Renard-en txaleta), El caso de la mujer asesinadita (Txiki-txiki egindako andrearen kasua). Genero guztietan aritu zen, eta era askotako paperak egin zituen, batez ere dramatikoak: Una vez al año (1976, Urtean behin), Sopa de pollo con cebada (1979, Oilasko zopa garagarrarekin), La vieja señorita (1982, Andereño zaharra), El cementerio de los pájaros (1982, Txorien hilerria), Abejas en diciembre (1987, Erleak abenduan), Cena para dos (1992, Afaria bientzat) eta Siempre en otoño (1992, Beti udazkenean). Zineman ete telebistan ere aritu zen: Barrio (1957, Auzoa) eta Historias de la frivolidad (Fribolitatearen historiak) dira zinemarako eta telebistarako egindako lehen lanak. 1994an Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina jaso zuen, bere ahizpa Juliarekin batera.