Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Guerra, Juan Luis

Dominikar abeslari eta musikagilea (Santo Domingo, 1957). Arrakasta handia izan du 1980ko eta 1990eko hamarraldietan. Berak egiten duen musika estilo nahasketa bat da: Karibeko erritmoak, merengea, Afrikako musika. 1980an, Bostonera joan zen (Estatu Batuak), jazz eta konposizioa ikastera Berklee College of Music eskolan. Urte horietan munduko rock taldeen eragina izan zuen: The Beatles, The Rolling Stones, Pink Floyd, Chick Corea piano-jotzailea, Pat Metheny gitarra-jotzailea… baina bere jatorriko musika ahaztu gabe betiere. 1981ean Santo Domingora itzuli zen eta 4.40 taldea sortu zuen. Grabatu zuen lehen diskoak –Soplando (1982)– ez zuen arrakasta handirik izan. Hurrengo lanetan –Mudanza y Acarreo (1985) eta Mientras más lo pienso… tú (1987)–, aurreko diskoko merenge dominikarraren eta jazzaren arteko nahasketa utzita erritmo tradizionalagoak erabili zituen. Baina hurrengo lana, Ojalá que llueva café (1989) diskoa, izan zen Guerraren izena mundu osora zabalarazi zuena. 1991n Grammy saria irabazi zuen Bachata Rosa (1990) diskoarengatik. Geroztik Areíto (1992) eta Fogaraté (1994) diskoak grabatu ditu.