Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Guerra Garrido, Raúl

Euskal Herrian errotutako madrildar idazlea, gaztelaniaz idazten duena (Madril, 1935). Donostian bizi da 1960. urteaz geroztik. Cacereño (Donostia Hiria saria 1969an) eta Lectura insólita del Capital (Nadal saria 1976an) eleberriekin arrakasta handiko idazle bilakatu ondoren, literatura eguneroko lanarekin uztartzen jarraitu du Raúl Guerra Garridok. 1993an El síndrome de Scott argitaratu zuen, 1996an Tantos inocentes, urte baten buruan lau edizio agortu zituen Castilla en canal 1998an eta 2000. urtean El otoño siempre hiere. 2001. urtean Lectura insólita del Capital eleberriaren argitalpen berezia kaleratu zuten, Nadal saria jaso zueneko 25. urteurrena ospatzeko. Raúl Guerra Garrido ETAren eta indarkeriaren aurkako borrokan ere nabarmendu da, eta hainbat erasoaldi jasan izan ditu.