Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Grotowski, Jerzy

Poloniar antzerki zuzendaria (Rzeszow, 1933 - Pontedera, Toskana, Italia, 1999). “Antzerki pobrea” defendatu zuen, ikuslearen arreta desbidera dezakeen antzezpen edo muntaketarik gabea. Krakovian eta Moskun ikasketak egin ondoren, antzerki konpainia bat sortu zuen: 13 Ilarako Antzerkia. 1959-1964 bitartean, konpainiako zuzendari izan zen. 1965ean Wroclawra joan zen eta izena aldatu zion konpainiari: Antzerki Laborategia. Arrakasta handia lortu zuen klasikoen egokitzapenak eginez: jatorrizko testutik abiatuta, antzezlearen eta antzezle-ikusle arteko harremana aztertzen zuen. Berak prestatutako muntaketen artean, aipagarriak dira, besteak beste, Byronen Kain (1960); Marloweren Fausto Doktorea (1962); Calderónen Printze konstantea (1965); Wyspianskiren Akropolis (1968); eta bere Apocalypsis cum figuris (1972). Taldea 1976an desegin zen, eta harrezkero irakaskuntzan eta lan esperimentaletan aritu zen Grotowski. Haren lanak eragin handia izan du egungo zuzendari eta antzezle askorengan, Peter Brook zuzendariarengan adibidez. Haren idazki teorikoen bilduma, Antzerki pobre baten alde, 1968an argitaratu zen, Brooken beraren sarrera batekin, eta antzerki ikasle eta antzezleen oinarrizko testua da egun.