Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Goyheneche, Eugéne

Lapurdiko historiagilea (Uztaritze, 1915 - Uztaritze, 1989). Baionan eta Parisen egin zituen letretako eta historiako ikasketak. Aintzina Ipar Euskal Herriko talde abertzalean hasi eta Euzko Alderdi Jeltzaleko kide egin zen hamazazpi urterekin. Euskal ikasle talde bat antolatu zuen Lapurdin 1933an eta Euzko Alderdi Jeltzalearen zerbitzuan jarri zen Hego Euskal Herrian Gerra Zibila hasi zenean. Bigarren Mundu Gerraren garaian, harremanetan jarri zen alemaniar naziekin, muga aldeko ipar euskaldunak eta ihes egindako hego euskaldunak babesteko asmoz, eta 1944an, Frantzian gerra amaitu ondoren, kartzelan sartu zuten nazien laguntzaile izan zela eta. Kartzelan 37 hilabetez egon ondoren, politika utzi eta historia ikerketetan hasi zen. 1949. urtean aurkeztu zuen bere ikasketako tesia (Bayonne et la région bayonnaise du XII au XV siècle, 1949; Baiona eta Baionaldea XII. eta XV. mendeetan). 1949-1960 urteetan Ipar Euskal Herritik kanpo egon eta gero, Notre tèrre basque (1961, Gure euskal lurra) izeneko historia liburua aurkeztu zuen, eskoletarako testu gisa. 1966an doktoretza tesia aurkeztu zuen Bordeleko unibertsitatean (L’onomastique du Nord du Pays Basque au Moyen Age, Ipar Euskal Herriko onomastika Erdi Aroan) eta euskal historiako katedra jaso zuen 1968an Paueko unibertsitatean. 1979. urtean eman zuen argitara Le Pays Basque (Euskal Herria) Ipar Euskal Herriko eta, oro har, Euskal Herri osoko historia ezagutzeko obra handia. Idazle emankorra izan da Eugéne Goyheneche eta Gure-Herria, BS-LAB, Yakintza eta Herria aldizkarietan eman ditu argitara artikulu aipagarrienak. Euskal Herriko Unibertsitateak Doctor Honoris Causa izendatu zuen 1982. urtean eta Eusko Ikaskuntzako ohorezko kide izan zen luzaroan. Eugéne Goyheneche izan da, ezbairik gabe, Euskal Herriko historiagile handienetako bat.