Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Goytisolo, Juan

Espainiar eleberrigilea (Bartzelona, 1931). 1954an argitaratu zuen Juegos de manos lehen eleberria. Gizarteko arazoak jasotzen ditu bere eleberrietan: Duelo en el paraíso (1955); Fiestas (1955); El circo (1957), La resaca (1958); Fin de fiesta (1962); Señas de identidad (1962), bere garaiko eleberri garrantzitsuena. Lan horretan Parisen gertatu zitzaion deserrotzea kontatzen du, teknika erabat berritzaileekin. Gerra osteko Espainiako gizartea eta, batik bat, burgesia kritikatzen ditu bere obretan. Gerokoak dira Juan sin tierra (1975), Makbara (1979), Las virtudes del pájaro solitario (1987). Bi memoria liburu ere idatzi ditu: Coto vedado (1985) eta En los reinos de Taifa (1986). Marrakech-en bizi da, Marokon. 1990eko hamarraldian etengabe jarraitu du lanean. El sitio de los sitios (1995, Setioen setioa) eleberria Jugoslaviako gerran kokatua dago. Paisajes de guerra con Chechenia al fondo (1996, Gerra paisaiak, eta hondoan, Txetxenia), Txetxeniari buruzko bidaia liburua da. Idatzi zuen hurrengoa ere bidaia liburu bat izan zen, De la ceca a la Meca (1997), arabiar herrialde batzuetako egunerokotasuna kontatzeko; urte berean Las semanas del jardín argitaratu zuen (Lorategiko asteak), eta 1999an Blanco Whiteren ingelesezko obraren gaineko saiakera bat. Orobat 1999an Cogitus interruptus saiakera liburu kaleratu zuen, idazle eta artisten ingurukoa. 2000. urtean Carajicomedia argitaratu zuen, sexuari buruzko eliz hizkeraren parodia.