Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Goytisolo, Luis

Espainiar idazlea (Bartzelona, 1935). Idazle familia bateko azken semea, José Agustín eta Juanen anaia. Hamaika urterekin hasi zen idazten, eta bi eleberri idatzi zituen. Handik aurrera bere osaba Luisek hautatu zizkion irakurgaiak, eta Estatu Batuetako narratibaren zaletasuna txertatu zion. Zuzenbide ikasketak egin zituen. Haren lehenengo obrak errealismo sozial nabarikoak dira, baina gero literatura gertaerari berari buruzko hausnarketak egin zituen. 1958an, Biblioteca Breve saria irabazi zuen Las afueras (Aldiriak) eleberriarengatik. Gero, Las mismas palabras (1963, Hitz berberak) argitaratu zuen. 1963an, lau liburuz osatutako sail baten lehena idazten hasi zen. Hamazazpi urteko lana izan zen tetralogia hura: Recuento (1974, Zenbatzea), Los verdes de mayo hasta el mar (1976, Maiatzetik itsasora bitarteko berdeak), La cólera de Aquiles (1977, Akilesen haserrea) eta Teoría del conocimiento (1981, Jakitatearen teoria). 1984an, Estela de fuego que se aleja (Urrunduz doan suzko lorratza) argitaratu zuen, Kritikaren Sariaren irabazlea. Beste lan batzuk: Investigaciones y conjeturas de Claudio Mendoza (1985, Claudio Mendozaren ikerkuntzak eta aieruak), La paradoja del ave migratoria (1987, Hegazti migratzailearen paradoxa) eta Estatua con palomas (1992, Estatua usoekin). Azken eleberri horrek 1993ko Literaturako Sari Nazionala irabazi zuen. 1997an, Placer licuante (Plazer urtzailea) eleberria argitaratu zuen, harrigarrizko sexu pasarte gordinez hornitua. 1999an, Escalera hacia el cielo (Zerurako zurubia) aurkeztu zuen, komedietako nahaste-borraste eta gaizki-ulertuez beteriko eleberria.