Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Goehr, Alexander

Britainiar musikagilea, jatorriz alemaniarra (Berlin, 1932). Walter Goehr zuzendariaren semea. 1933an Londresa aldatu zen bere familiarekin, eta Manchesterko Royal College of Music eskolan hasi zituen musika ikasketak. Eskola hartan ikasten ari zela Manchesterko Musika Talde Berria sortu zuen bere zenbait ikaskiderekin (Davies, Birtwistle eta Ogdon). Ondoren Parisko Kontserbatorioan ikasi zuen O. Messiaen eta Y. Loriod maisuekin. 1956. urtean, Ingalaterrara itzuli zenean, zenbait obra idatzi zituen Bath, Aldeburgh, Cheltenham, Edinburgo eta Yorkeko musika jaialdietarako. 1960 eta 1968 urteen artean BBCko ekoizle gisa lan egin zuen, geroago Estatu Batuetan eskolak eman zituen, eta 1971. urtean Leedseko Unibertsitateko musika irakasle izendatu zuten; handik bost urtera, 1976an, haren antzeko lanpostu bat bete zuen Cambridgeko Unibertsitatean. Goehrrek Vienako bigarren eskolako musikagile erromantikoak eta espresionistak ikertu ditu bere karreran zehar. Argitara eman zuen lehen lana pianorako sonata bat izan zen, baina Uholdea izeneko kantatak eman zion ospea, 1958. urtean. 1959an Sutterreko urrea kantata eta Hekaberen deitorea orkestrarako pieza sortu zituen. Handik hiru urtera, berriz, Biolinerako kontzertua osatu zuen, eta haren ondotik garrantzi handiko beste zenbait obra aurkeztu zituen, adibidez Sinfonia txikia (1963). Lehenengo opera 1966. urtean idatzi zuen: Ardenek hil egin behar du. 1970ean Shadowplay-2 antzerki musikalerako musika idatzi zuen; urte hartakoak ditu, halaber, Sinfonia mugimendu bakar batean, Hamaika musika tresnarako kontzertua eta Jerusalemi buruzko sonata. Ganbera musikaren alorrean, azkenik, aipagarriak dira Goehrren Hirukotea pianoarekin (1966) eta harizko laukoterako idatzitako bigarren kuartetoa.