Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Goebbels, Paul Joseph

Alemaniar politikaria (Rheyd, 1897 - Berlin, 1945). Filosofian doktoretza egin ondoren, kazetaritzan hasi zen lanean. 1922az geroztik, nazional-sozialismoan sarturik, hasieran Gregor Strasse-kin bat egin zuen eta nazien ezkerreko sailean lan egin zuen. Baina 1925ean Hitler-ekin bat egin zuen. 1928an Reichstag-eko diputatu, hizlari eta propaganda lanetan nabarmendu zen, batez ere Der Angriff egunkarian idatzi zituen artikuluetan. Hitler-ek gobernua hartu zuenean (1933), Informazioko eta Propagandako ministro izan zen. Komunikabide guztiak politika eta ideologia nazia hedatzeko erabili zituen; jendartean zuen eragin handiaren bidez, juduen kontrako gorrotoa zabaldu zuen. Hitler-ekin eta Rosenberg-ekin batera, nazismoaren teoriagilea izan zen. 1944an gerra osoaren zuzendaritza Goebbels-en esku utzi zuten. Bere emaztearekin eta seme-alabekin batera bere buruaz beste egin zuen, Hitler hil ondoren.