Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Godoy Alvarez de Faria, Manuel

Espainiar politikaria (Badajoz, 1767 - Paris, 1851). Karlos IV.aren eta Maria Luisa haren emaztearen erreinaldian, kargurik gorenak izan zituen: 1792rako Lehen Ministro zen. Espainiaren eta Frantziako errepublikaren arteko gerrari (1793-1795) Godoyk amaia eman zion Basileako hitzarmenaren bidez (1795), eta “Bakearen Printze” titulua eman zion erregeak. Franziako despotismoari jarraituz antolatu nahi izan zuen Espainia, baina 1798an kargua utzi behar izan zuen. 1800ean berriro aginpidean zela Portugalen kontrako gerra egin zuen. 1796tik aurrera Frantziarekin hitz harturik zegoenez, Ingalaterraren kontrako gerran parte hartu behar izan zuen 1804an. 1805ean Trafagalgar-en hondamena izan zuen. Napoleonen kontrako koalizio bat bultzatu ondoren, Ienako garaipenaren berri izan bezain laster, Napoleonen mende jarri zuen Espainia. Herriak gorroto zion, eta Godoyk errege-erreginak Mexikora eraman nahi izan zituen. Murat-en oste frantsesek Espainia hartu zutenean, Aranjuezko matxinada izan zen (1808) eta Godoyren asmoak ustel atera ziren. Godoy atxilotu egin zuten, eta Murat-ek askatu eta Baionara eraman zuen. Han Karlos IV.aren dimisioa prestatu zuen Josef Bonaparteren mesedetan. Errege-erreginekin bizi izan zen erbestean, eta azkenik Parisen hil zen. Memoriak idatzi zituen (1836-1838).