Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Germi, Pietro

Italiar zinemagilea (Genoa, 1914 - Erroma, 1974). Germiren lehen filma Il testimone izan zen (1946), lehenago antzezlari lanetan eta zuzendari laguntzaile ibili bazen ere. Siziliako arazoei buruz bi film egin zituen: Il nome della legge (1949, Legearen izena) eta Il cammino della speranza (1950, Itxaropenarako bidea). Berrogeita hamarreko hamarkadan neorrealismoaren eta gizarte kritikaren bidetik jo zuen, besteen artean, Il ferroviere (1956) eta L’uomo di paglia (1958, Lastozko gizona) filmekin. Komedia batek eman zion, ordea, Italiaz kanpo arrakasta: Divorzio all’italiana (1961) filmak, hain zuzen. Geroko ekoizpenetan arrakasta handia lortu zuen: Sedotta e abbandonatta (1963), L’immorale (1967), Le castagne sono buone (1970) eta Alfredo, Alfredo (1972).