Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Germania

Erromatarrek Europako erdialdeko eremu zabal bati eman zioten izena. v Germaniaren parte bat, Rhin ibaitik Galiak arte, erromatarren mende egon zen; Augusto enperadoreak bitan banatu zuen K.a. zazpigarren urtean: Behe Germania iparraldean, Kolonia hiriburu zuena, eta Goi Germania hegoaldean, Maguntzia hiriburu zuena. v Germaniaren beste parteak muga egiten zuen Erromatar Inperioarekin, eta Rhin ibaia zuen mendebalean, Baltikoa eta Ipar Itsasoa iparraldean, Vistula ibaia ekialdean, eta Danubioa hegoaldean. Erromak ez zuen inoiz beregatu Germaniaren parte hau, nahiz eta bertako herrien aurka etengabe borrokan jardun eta sarritan gurutzatu Rhin eta Danubio ibaiak. Zesarrek, adibidez, erasoaldiak jo zituen K.a. 55. eta 53. urteetan. Bestalde, Germaniako barbaroei eusteko limes-ak, gotorlekuak, eraiki zituzten erromatarrek beren mugetan. Hala ere, IV. mendean, germaniar herriak limesak gainditu eta Erroma hartu zuten. Gudarosteen bidez jaso zuen Germaniak erromaren eragina; izan ere gudarosteen kanpamenduak zeuden tokietan hiri asko sortu baitzen: Argentoratum (Estrasburgo), Bonna (Bonn), etab. IV. mendean herri asko bizi ziren Germanian: godoak (ostrogodoak eta bisigodoak), gepidoak, bandaloak eta burgundiarrak ekialdean; alamaniarrak, frankoak eta saliarrak mendebalean; angloak, saxoiak, frisiarrak eta lonbardiarrak iparraldeean.  
 v  Germaniako erreinua. Inperio karolingioa desegin zenean (Verdungo ituna, 834. urtean), Germaniako Luis II.ari inperioaren ekialdeko zatia, Germaniako erreinua deitua, eman zitzaion: Saxonia, Turingia, Frankonia, Alemania, Bavaria eta ekialdeko “markak” hartzen zituen; 870. urtean Lotaringiako parte bat gehitu zitzaion. Jaun feudalen indarra handituz joan zen heinean printzerri burujabeak sortu ziren. Oton I.ak Germaniako Erromatar Inperio Santua eratu zuenean galdu zuen bere izena Germaniako erreinuak.   
 v  Germaniako mitologia. Eskandinaviar bertsio berantiar baten bidez ezagutu ahal izan da Germaniako mitologia. Jainko bi familia bereizten ziren: Aseak eta Vaneak; Jainko horiek elkarren artean borrokatu ziren baina, azkenik, bakezkoak egin zituzten. Hauek dira Germaniako jainko edo mitologiako izaki nagusiak: Balder, Fenris, Freyjia, Freyr, Frija, Hagen, Loki, Nibelungoak, Nornak, Odin, Siegfried, Thor, Tyr, Walkiriak, Yggdrasil.