Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geisel, Ernesto

Brasildar militarra eta politikaria (Bento Gonçalves, Rio Grande do Sul, 1908 - Rio de Janeiro, 1996). Brasilgo Errepublikako lehendakaria 1974-1979 bitarteko urteetan. Hogei urterekin hasi zuen karrera militarra, eta gudarosteko jeneral izatera iritsi zen. 1930eko iraultzan parte hartu zuen, eta Rio Grande do Norteko estatu idazkari izan zen (1931), eta Paribakoa gero (1934). Errepublikako Lehendakaritzaren Etxe Militarraren buru izan zen (1961ean eta 1964-1966 bitartean), eta baita Auzitegi Militar Gorenaren ministro ere. Petrolioaren industriak erakarrita, Cubatãoko findegiko zuzendari izan zen 1956an, Petrobras enpresa estatalekoa 1969-1973 bitarteko urteetan, eta aurrekoaren ordezkoa, Norquisa enpresakoa, 1979. urtetik aurrera. Petrobrasko zuzendari gisa, itsas azpiko plataformaren ustiapena bultzatu zuen, eta emaitza onak lortu zituen. 1974an, Errepublikako lehendakari izendatu zuten –laugarrena, “ziklo militarra” deituan–. Haren gobernupean, arazo ekonomiko larriak izan ziren, politika ekonomiko zorrotz-zorrotza bideratu zuen, eta finantzen oreka hazkunde ekonomikoarekin adosten saiatu zen. Kanpo Arazoetan, Brasilen presentzia Afrikara eta Europara zabaltzen ahalegindu zen, Estatu Batuei baldintzarik gabeko menik egin gabe. 1976ko legegintzarako hauteskundeean galtzaile atera arren, eta 1997an Kongresua aldi baterako itxi arren oposizioarekin zeuden iskanbilengatik, zabaltze politikorako baldintzak finkatu zituen, gerora demokrazia ekarriko zutenak.