Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geissler, Christian

Alemaniar idazlea (Hanburgo, 1928 - Hanburgo, 2008). Teologia eta psikologia ikasketak egin zituen. 1953an katolizismora bihurtu zen, baina 1962an uko egin zion. 1965-1968 bitartean, Kürbiskern literatura aldizkariko editore kide izan zen. 1960ko hamarraldian, militante gisa, armak desagertzeko kanpainetan eta manifestazioetan parte hartu zuen. 1973an, Errepublika Federaleko presoen gorputz zigorraren aurkako batzordea sortu zuen. Bere lehenengo eleberrian bertan –Anfrage (1960, Galdera)–, Geisslerrek bere literatura produkzioan etengabe agertu den gai bati heldu zion: banakoaren jokabidea injustiziez betetako garai batean. Bere hurrengo eleberrian, Das Brot mit der Feile (1973, Ogia limarekin), aginpidea dutenen harrotasuna deskribatu zuen. Hurrengoan, Wird Zeit, dass wir leben (1976, Bizi gaitezen ordua da), jatorri desberdineko pertsonek elkartasun ekintza bat egiten dute nazionalsozialisten preso bat askatzeko. 1980ko hamarraldiaren hasieran, bere lehenengo poemak –hermetikoak eta idorrak– argitaratu zituen, gai berari baina bide estetiko desberdinetatik heldu nahi ziola erakutsiz. Beste lan batzuk: Kalte Zeiten (1965, Garai hotzak), Ende der Anfrage (1967, Galderaren amaia), Kamalatta (1988).