Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García, Saturnino

Bizkaitan errotutako antzezlea, Leonen jaioa (Bariones de la Vega, Leon, 1935). Hamazazpi urte zituela heldu zen bizitzera Barakaldora eta, nahiz eta esperientzia luzea izan bizitza osoan zehar antzezle lanetan, 1995ean heldu zitzaion fama, Justino, un asesino de la tercera edad filmean eginiko lanagatik Goya saria eskuratu zuenean, hain zuzen. Saturnino García bigarren mailako antzezle bikaina da, protagonisten aldamenean egonik ere filmaren osotasuna biribiltzen laguntzen duten horietakoa. Bere ibilbide luzean 34tik gora filmetan parte hartu du. El viaje a ninguna parte (1985) izan zuen lehen film luzea. Espainiako zuzendari garrantzitsuenekin lan egin du: Alex de la Iglesia, Vicente Aranda, Carlos Saura eta La Cuadrillarekin, esaterako. Besteak beste, film hauetan parte hartu du: Todo por la pasta (1990), Amantes (1991), Acción Mutante (1993), Justino, un asesino de la tercera edad (1995), Matías, juez de línea (1996), Atilano, presidente (1998), Goya en Burdeos (1999) eta Lista de espera (1999).