Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García, Diego

Gipuzkoar maratoilaria (Azkoitia, 1961 - Azpeitia, 2001). Gipuzkoak eman duen atletarik onena dela esan izan da, 2001. urtearen hasieran, Behobia-Donostia lasterketan, erretiratu zen arte lortutako palmares bikaina dela eta. Adidas R.T. taldeko atleta zen, eta hamabi aldiz parte hartu zuen nazioarteko txapelketetan. 1994. urteko Europako Atletismo Txapelketako maratoian zilarrezko domina lortu zuen, Martín Fiz arabarraren atzetik. 1995ean Goteborgen (Suedia) jokatutako Munduko Txapelketan seigarren postuan sailkatu zen, eta Bartzelonako Olinpiar Jokoetan bederatzigarren izan zen. Nahiz eta bost maratoitan bigarren sailkatu (Helsinkin 1995ean; Donostian 1990 eta 1999an; Bartzelonan 1997an eta, azkenik, Seulen, 2000. urtean, 38 urte zituela), bakarra irabazi zuen, Sevillan 1995ean jokatu zena, alegia. Bartzelona eta Atlantako Olinpiar Jokoetan parte hartu ondoren, ez zuten Sydneyn 2000. urtean egin zuten Jokoetarako Espainiako selekzioan sartu, ordezko bezala gelditu baitzen, nahiz eta urte hartan bi bider egin eskatzen zen gutxieneko marka. Omenaldia egitekoak zitzaizkion probarako entrenatzen ari zela hil zen, bihotzekoak jota.