Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Garate Goiartzun, Gotzon

Gipuzkoar idazlea (Elgoibar, 1934 – Bilbo, 2008). Ikasketak Loiolan eta Bartzelonan egin ondoren apaiz egin zen (jesuita). Gero teologia eta filologia ikasi zituen Innsbruck-en eta Bilbon. Filosofia ikasketak egin zituen Madrilen eta marxismoan espezializatu zen Friburgoko unibertsitatean. Garai hartan, Jesusen Biotzaren Deia, Euzko Gogoa, Egan eta Zeruko Argia agerkarietan eman zituen argitara lan aipagarrienak. 1977. urtean saria jaso zuen genero beltzeko Esku leuna eta Elizondoko eskutzitzak eman zituen argitara. Bi urte geroago Lehortean ipuin bilduma eta Goizuetako ezkongabeak eleberria argitaratu zituen. 1981. urtean Izurri Berria eleberria plazaratu zuen. New Yorken denbora luzeak igaro izan zituen, eta, haien agergarri, liburu bat argitaratu zuen 1988an, New York, New York. Harena da, halaber, Lenin eta Nazioen Autodeterminazio eskubidea (1980) eta Erderakadak (1988) euskararen baitan erdararen eraginak aztertzen dituen hiztegia. 1993an kaleratu zuen Zilarrezko gazteluaren kronika urratua eleberria eta 1997an, berriz, Alaba izenekoa. 1998an hogeita hamar urteko lanaren ondorioz bildutako atsotitz bilduma kaleratu zuen, baita Interneten jarri ere. Euskal Herriko baserrietan bildutako 14.458 euskal atsotitz eta beren gaztelaniazko, ingelesezko eta latinezko ordainak biltzeaz gainera, gaztelaniazko 5.208, ingelesezko 4.045 eta latinezko 3.462 esaera zahar ere jaso zituen lan horretan. 2000. urtean, bestalde, nobela beltzari eskainitako monografia bat eman zuen argitara.