Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Garat Hiriarte, Dominique Joseph

Lapurtar politikaria eta idazlea, Dominique Garaten anaia (Baiona, 1749 - Uztaritze, 1833). Anaiak bezala Bordelen egin zituen zuzenbideko ikasketak eta Parisa joan zen gero; irakasle, kazetari eta entziklopedia idazle izan zen. Masoi sutsua zen, eta girondarra. 1789. urtean, Lapurdiko hirugarren estatuko ordezkari aukeratu zuten, Dominique anaiarekin batera, eta, hark bezala, Lapurdiko erakundeen aldeko borrokan jardun zuen, egiteko hartan anaia bezala nabarmendu ez zen arren. Dantonek Justiziako ministro egin zuen 1792an eta barne ministro ondoko urtean baina kargua utzi zuen urte bereko abuztuan. Kartzelan eduki zuten bi hilabetez Izuaren aroan, baina ez zuten hil, Robespierrerekin zuen adiskidetasunari esker. 1794-1795. urteetan Frantziako Herri Irakaskuntzarako batzorde nagusiko kide izan zen eta 1798an Napolira bidali zuten enbaxadore. Urte berean Zaharren Kontseiluko lehendakari aukeratu zuten eta konstituzio berria idazten hartu zuen parte ondoko urtean. Bonaparteren lankide izan zen (senatari izendatu zuen hark), baina urte batzuen ondoren harengandik aldendu eta bere Uztaritzeko etxera erretiratu zen. Joseph Garatek Euskal Herriko herrialde guztiak bateratu eta herri erdi-independente gisa, Napoleonen inperioaren mendean betiere, egituratzeko proiektua azaldu zion hainbat aldiz Napoleoni. Asmo horren argigarri idatzi zuen Recherches sur le Peuple Primitif de l’Espagne, sur les révolutions de cette Peninsule, sur les Basques Espagnols et Français (1811, Espainiako jatorrizko herria, penintsula hartako iraultzak eta Espainiako eta Frantziako euskaldunak). Horrez gainera, Frantziako iraultzari buruzko liburuak, biografiak eta filosofia lanak idatzi zituen; XVIII. mendeko materialismo frantsesaren azken ordezkaritzat hartu izan da. Haren beste zenbait lan aipagarri: D. J. de Garat à M. de Condorcet (1791, J. Garatek Condorcet jaunari), Considérations sur la Révolution Française (1792, Frantziako iraultzari buruzko gogoetak), Mémoires sur la Révolution (1795, Iraultzaren oroitzapenak).