Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Garat Hiriarte, Dominique

Lapurtar politikaria (Uztaritze, 1735 - Uztaritze, 1799). Larresoroko apaizgaitegian egin zituen lehenengo ikasketak eta Bordelen zuzenbideko ikasketak. Bordelen ezkondu eta han geratu zen 1761. urtetik aurrera. Masoi sutsua zen, girondarra. 1789an Estatu Orokorrak deitu zituen erregeak (ez zen horrelakorik gertatu 1614. urtetik), eta Dominique Garat Lapurdiko hirugarren estatuko ordezkari aukeratu zuten, Joseph anaiarekin batera. Estatu Orokor haiek Ba-tzar Konstituziogile bihurtu zirenean, Frantziako erregearekin egoera politiko berriaren zer-nolakoak eztabaidatu behar zituen batzordeko kide aukeratu zuten. Lapurdiko Biltzarraren aldeko sutsua izaki, saiatu zen euskaldunek eskubidez eta ez pribilegioz zituzten erakundeak zaintzen, baina herrialdeen arteko bereizkuntza guztiak ezabatu zituen Frantziako Batzarrak 1789ko abuztuan. Alferrik saiatu zen Dominique Garat Lapurdiko burujabetasunaren alde; orobat Frantzia departamenduetan banatzea erabaki zelarik, Ipar Euskal Herriko lurraldeak batera eta berex elkartzeko proposamena egin zuenean (1790; Ipar Euskal Herria Biarnoko lurraldearen mende geratu zen). Uztaritzera erretiratu ondoren, biziki salatu zituen iraultzaile berriek Lapurdin egindako bidegabekeriak eta kartzelan eduki zuten Robespierre hil zen arte. Uztaritzeko alkatea izan zen eta irakaskuntza elebiduna bultzatu zuen.