Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fugger

Bankari familia alemaniarra. XIV. menderako ezaguna zen familia hau, baina Jakue II.a Fugger, «Aberatsa» deitua (1495-1525) izan zen familia bere goren mailara eraman zuena. Ekialdearekiko merkataritza eta meatzaritza bultzatu zituen (Tirol, Karintia, Turingia, Hungaria); Veneziako kobre merkatua haren eskuetan zegoen, eta Europako mendebalera eta erdialdera zabaldu zuen bere eragina. Laguntza erakundeak sortu zituen. Maximiliano eta Karlos V.a enperadoreen finantzari izan zen (azken horrek enperadore izendatu izana eta Paviakoa eta beste garaipen batzuk zor zizkion); baina laguntza hori, Filipe II.aren garaietara luzatu zena, izan zen Fugger familiaren hondamendiaren arrazoietako bat. Anton Fugger (1493-1560) hil ondoren, XVI. mendearen bigarren erdialdean gainbehera egin zuen etxe horrek.