Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fuentes, Carlos

Mexikar idazlea (Mexiko, 1928). Gaztetan aldizkari politikoetan idatzi zuen, eta ondoren eleberriak idazten hasi zen. La región más transparente (1958, Eskualde gardenena) eleberrian gaurko Mexikoko gizartea zorrotz kritikatu zuen. La muerte de Artemio Cruz (1962, Artemio Cruzen heriotza) idazlanean iraultzaile izandako batek hiltzera doanean, egindako aitorkizunak azaltzen ditu teknika berritzaile batez. Hurrengo eleberrietan bezala (Zona sagrada, 1967, Ingurune sakratua) barne bakarrizketa ugari erabiltzen du idazleak. 1967an Cambio de piel (Azal berritzea) argitaratu zuen, segurasko haren eleberririk berritzaileena. Fuentesenak dira baita ere: Terra Nostra (1975), La cabeza de la hidra (1978, Hidraren burua), eta Gringo Viejo (1985, Gringo Zaharra). Ipuin bildumak ere idatzi ditu, sarri fantasiazko gaia hartuta Los días enmascarados, esaterako (1954, Egun mozorrotuak), edo Aura (1962) eta Cantar de ciegos (1964, Itsuen kantua). Azken urteetako lanen artean azpimarratzekoak ditu: El naranjo o los círculos del tiempo (1993, Laranjondoa edo denboraren zirkuluak); Diana o la cazadora solitaria (1994, Diana edo ehiztari bakartia) autobiografia, eta harekin batera trilogia osatzen duten Aquiles el guerrillero (Akiles borrokalaria) eta Prometeo, el precio de la libertad (Prometeo, askatasunaren prezioa); Nuevo tiempo mexicano (1995, Mexikoren garai berria), Chiapasko matxinadari buruz; La frontera de cristal (1997, Beirazko muga), Estatu Batuen eta Mexikoren arteko harremanak aztergai dituena. 1998an argitaratu ditu Retratos en el tiempo (Erretratuak denboran zehar) eta Los años con Laura Díaz (Laura Díazekin igarotako urteak). Baditu, orobat, saiakera bikainak, azkenetako bat, Geografía de la novela (1993, Eleberriaren geografia) etab. Carlos Fuentes da gaur egungo mexikar idazle nagusietako bat, Cortázar, Márquez eta Vargas Llosarekin batera, Latinoamerikako literatura idazlerik handienetakoa eta emankorrenetakoa.