Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fujimori, Alberto

Peruko politikaria (Lima, 1938). Hainbat alorretako ikasketak egin zituen Perun, Estatu Batuetan eta Estrasburgon, eta Peruko Universidad Nacional Agrariako errektore izendatu zuten ondoren. 1989. urtean, zenbait erlijio estamentu eta industrialarien laguntzarekin Cambio 90 taldea osatu eta Peruko hauteskunde orokorretara aurkeztu zen, talde haren hautagai. Hauteskundeak irabazi zituen, Mario Vargas Llosa kontserbadoreari aurrea harturik, eta lehendakari izendatu zuten; Vargas Llosak eliteen botoak bildu zituen, batez ere, eta Fujimorik nekazarienak. "Lana, zintzotasuna, teknologia" esapidean oinarritu zuen bere kanpaina, eta ekonomia hobetzea eta gerrilla taldeak desagerraraztea izan zen bere apustu nagusia, baina ez zuen halakorik lortu. 1992. urtean estatu kolpe zibila eman zuen, gudarostearen laguntzarekin, eta askatasun demokratikoak deuseztatu eta legebiltzarra desegin zuen, Sendero Luminosori eta narkotrafikanteei aurre egiteko aitzakiarekin. Neurri gogorrak hartu zituen, eta ustelkeria salaketak izan zituen, baina nekazari pobreen artean zuen ospea ez zen murriztu. Horrela, 1995ean berriro aukeratu zuten lehendakari. 1996an krisi larri bati aurre egin behar izan zion, Túpac Amaru Talde Iraultzaileak (MRTA) Japoniar enbaxadari eraso egin ziolarik; hurrengo urtean gudarostea enbaxadan sartu zen, 14 gerrillari hil zituen eta bahituak askatu.