Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

folklore

iz. Herri kultura.  v  Folklorearen aztergai nagusia idazketa duten eta teknologian aurreratuak diren gizarteen tradiziozko kultura, gehienetan ahoz aho igaro dena, izan ohi da; folklorearen pareko azterketak, idazketarik gabeko gizarteetan, etnologiaren edo antropologiaren baitan egiten dira. Folklore azterketak XIX. mendean hasi ziren. Lehen azterlariek nekazarien mundua hartu zuten aztergai, eta mundu modernotik nolabait kanpo ziren beste taldeak, ijitoak esate baterako. Haien helburua antzinako ohiturak eta usteak gordetzea zen, era horretan gizadiaren barne historia berregin ahal izateko. 1812an Grimm anaiek argitaratu zituzten Alemanian lehen maitagarrien ipuinak; haiei jarraiki Europa osoan hasi ziren ikerlariak genero askotako herri literatura jasotzen eta argitaratzen: ipuinak, kantak, esaera zaharrak, musika, eskulanak, antzeak. Sarritan abertzaletasuna zen lan horien bultzatzaile: talde baten folkloreak etnia nortasuna indartzen zuenez gero, maiz agertu zen folklorea askatasunaren eta nazio batasunaren aldeko borroketan. Ikerketek aurrera egin ahala, metodoa hobetu egin zen, eta analisi konparatiborako sailkapen baliozkoak egin ziren. Finlandar aditu talde batek, Kaarle Krohnen gidaritzapean, ikerketa metodo “historiko-geografikoa” garatu zuen: aztergaia lekuan eta espazioan kokatu, banaketa ereduak aztertzeko eta “jatorrizko” formak berregiteko. Metodo hau, estatistika erabiltzen zuena eta hasierakoa baino zehatzagoa, izan zen nagusi XX. mendearen lehen erdian.  v  Bigarren Mundu Gerraren ondoren, joera berri bat sortu zen, Estatu Batuetan batez ere: interesa ez zen mugatu nekazari taldeetara, ikusi baitzen hirietan ere badirela gizatalde bereziak, nortasun jakin bat ematen dieten antzeak, ohiturak eta balioak dituztenak. Era berean, iragana ezean mundu modernoa ere hasi zen aztertzen, jatorrira jo beharrean oraingo esanahiak eta funtzioak bilatu nahian; tradizioaren aldaketa eta egoera berrietara egokitzea hondatzea zelako ustea baztertu zen. Azken ikuspuntua soziologikoa eta funtzionalista da: gertaera bat bere ingurune osoan baino ez da ulertzen; kontalariaren edo abeslariaren biografiak eta nortasunak, hark gizataldean duen zereginak, errepertorioak eta antzeak, entzuleen zeregina, eta jarduera gertzatzen den uneak, denek moldatzen dute folklore esanahia.  v  Folklorearen jakintza Euskal Herrian. Juan Ignacio Iztueta zaldibiarraren eskutik etorri zen Euskal Herriko folklorearen atal bati buruzko lehen lan luzea (Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira, 1824) eta haren ondoren zabaldu ziren herri tradizioaren lehen bildumak (Agosti Xaho, Ariel aldizkarian, 1845-1846). 1857. urtean eman zuen argitara Francisque-Michel ikertzaile frantsesak bere Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa littérature eta sa musique (Euskal Herria, bere biztanleak, hizkuntza, ohiturak, literatura eta musika). Euskal Herriari buruzko jakinmina sortu zuen Karl Wilhelm von Humboldt filologoak, 1801. urtean egindako bidaiaren ondorengo idatzien bitartez, eta arras areagotu zuen joera hura XIX. mendearen lehen erdialdean Europaz jabetu zen erromantizismoak, euskal kultura, tradizioak eta, batez ere, hizkuntza, balio handiko bitxi bihurtu baitzen ikerlari askorentzat. Euskaldunak berak ere hasi ziren euskal folkloreaz arduratzen eta, arbaso euskaldunak zituen Antoine d’Abbadie-ri esker neurri handi batean, eta orduan hasi zen jasotzen folklorea Euskal Herrian barrena. 1870. urtean eman zen argitara lehen euskal kantu bilduma, Jean Dominique Sallaberry zuberotarrak emana (Chants Populaires du Pays Basque, 1870, Euskal Herriko kantak ) eta 1877-1880 urteetan plazaratu zuen berea Jose Manterola donostiarrak (Cancionero Vasco, Euskal Kantutegia). Ipar Euskal Herrira nagusiki hurbildutako autore euskaldunak eta frantsesak nabarmendu ziren ondoren: Charles Bordes musika biltzaile frantsesa, Jean-François Cerquand frantsesa (Légendes et récits populaires du Pays Basque, 1875; Euskal Herriko legenda eta ipuinak), Jean Jaurgain zuberotarra (Quelques Légendes Poétiques du Pays Basque,1899; Euskal Herriko elezahar poetiko batzuk), Wentwhorth Webster ingelesa (Basque legends, Euskal elezaharrak, 1877-1879) eta Julien Vinson frantsesa, euskal folkloreaz arduratu zen ikerlari garrantzitsuena (Le Folk-Lore du Pays Basque, 1884). XX. mendearen hasieran beste eite berri bat hartu zuten euskal folkloreari buruzko lanek, Sabino Aranaren ideologia berriari eta Resurrección Maria de Azkuren lan gaitzari esker. Ipar Euskal Herriko ikerlanek ez zuten etenik izan, Christophe Dufau senperetarrak eta Jean Barbier garaztarrak bultzatuta (Gure Herria aldizkaria) eta Hego Euskal Herrian berebiziko gorakada egin zuten, Jose Migel Barandiaranen eskutik. Gasteizen sortu zen Eusko-Folklore elkarteak apaizak bildu zituen gehienbat hasieran eta Anuario de Eusko-Folklore, aldizkaria hasi zen argitaratzen 1921. urtean (Eusko-Folklorearen Urtekaria). Antropologia, etnologia eta arkeologiari buruzko ikerketen alboan, izugarri ugaldu ziren 1936-1945 urteetako gerren aurretik euskaldunek euskal folkloreari buruz eginiko ikerketak. 1935. urtean eman zuen argitara Manuel Lekuona apaizak bere Literatura oral vasca (Aozko euskal literatura), bertsolarien jardun eta teknikei buruzko lehen saio garrantzitsua. Gerra Zibilaren ondoren, nortasun bereziz hornitu zituen euskal gaiei buruzko ikerlanak Julio Caro Baroja maisuak eta 1960. urteetan biziki hedatu zen Euskal Herri osoan zehar folklore gaietarako zaletasuna, Hego Euskal Herrian batez ere, folkloreak ematen baitzuen, frankismoaren zapalkuntza urte haietan, euskal nortasunean sakontzeko bide argienetako bat. Gaur egun, eremu askotara hedatu da euskal folkloreari buruzko ikerketa eta elkarte eta argitaldari talde ugari ari dira jarduera horren inguruan lanean.