Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fernández Ordóñez, Francisco

Espainiar politikari eta abokatua (Madril, 1930 - Madril, 1992). Trantsizioko gobernuan eta Felipe Gonzálezen gobernuan hainbat ministeriotako buru izan zen. Frankismoaren azken urteetan goi mailako karguak izan zituen Hazienda ministerioan eta INIn (Industriarako Institutu Nazionala). 1977. urtean UCD alderdian (Unión de Centro Democrático) sartu zen. Trantsizioko Hazienda ministerioan zegoela, zergen erreforma egin zuen, eta Justiziakoan dibortzioaren legea bideratu zuen. 1981ean UCD alderdia utzi zuen, Leopoldo Calvo Sotelo lehendakari zela. Horren ondoren, Partido de Acción Democrática fundatu zuen, handik pixka batera PSOEn txertatu zena. Banco Exterior de Españako lehendakari izan zen 1983an, eta Kanpo Arazoetako ministro 1985ean. Espainia Europako Ekonomia Elkartean (EEE, gaur egun Europar Batasuna) sartzeko akordioak bideratu zituen. Karguari eutsi zion hil baino egun batzuk lehenago arte; dimisioa eman ondoren Javier Solanak hartu zuen haren kargua.