Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Frederiko IIa Handia

Prusiako erregea 1740-1786 bitarteko urteetan (Berlin, 1712 - Potsdam, 1786). Oso gazte zela, arteetarako zaletasuna erakutsi zuen, eta horrek Frederiko Gilen I.a bere aitarekin istiluak sortu zizkion. Heziketa militarrari ihes egin nahiak porrota ekarri zion: Küstrinen preso sartu zuten (1732) eta Katte bere laguna nola hiltzen zuten ikusi behar izan zuen. Politikatik bazterturik, administrari lanetan eta bizitza militarrean hasi zen, eta ondoren Rheinsberg-eko gazteluan bere gisara bizi ahal izan zuen, jakintsuez inguraturik (Voltaire-ren adiskide izan zen). Aginpidearen teoria bat landu zuen, frantsesez idatzia (Antimachiavel, 1740; Histoire de mon temps, 1746). 1740ean errege egin zutenean, aitaren politika bera eraman zuen aurrera: nobleen lehentasunak zaindu zituen, eta justizia hobetzeko prestatua zuen kodea ez zen indarrean jarri. Administrari ona izan zen; Zazpi Urteko Gerra amaitzean, erresuma jaso zuen berriro. Ekonomia merkantilista eta industria bultzatu zuen, baina betiere agintaritzatik gidaturik. Atzerriko politikan aitak ez bezala jokatu zuen: Austriaren kontra aritu zen etengabe. Austriako Erregetzarako gerran, Silesia hartu zuen gerra deklaratu ere egin gabe. Baina ez zuen Ingalaterra bereganatzea lortu (Westminster-eko hitzarmena, 1756) eta Zazpi Urteko Gerra hasi zuten, Prusia ia hondamendira eraman zuena. Poloniaren lehen zatiketan parte hartu zuen (1772) eta Bavariako Oinordetzarako gerran (1779) Austriaren kontra egin zuen, haren kontra Printzeen liga sortuz (1885). Prusiaren indarra gailurrera eraman zuen, baina ahulezia handiak utzi zituen agerian; zurruntasunarena, batez ere, zentralismo eta autoritarismo gehiegizkoaren ondorio zena; horrek argi dezake, beharbada, zergatik erori zen Prusia Napoleonen mende.