Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euzko Langilleen Alkartasuna. (E.L.A)

Hego Euskal Herriko langile sindikatu nagusia. 1911. urtean sortu zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak, Solidaridad de Obreros Vascos izenaz (1933an hartu zuen ELA-STV izena), langile erakunde kristau gisa, erakunde marxistek eta anarkistek langile higikundean zuten indarra moteltzearren. Hasieran, langileen laguntzarako erakundea baizik ez zen, eta langile emigranteen giroetatik kanpo zegoen. 1929. urtean egin zuen Eibarren lehen biltzarra eta 6.000 langile bizkaitarren eta 1.500 langile gipuzkoarren ordezkariak, eta Arabako eta Nafarroako taldeak bildu ziren bertara. Policarpo Larrañaga, Roberto Arangiz, Leizaola, Julio Jauregi eta Juan Jose Basterra nabarmendu ziren biltzarrean. Izugarri handitu zen Ela-STV Espainiako II. Errepublikako urteetan (1931-1936). I. Biltzarrean euskal arrantzale eta nekazariengana hurbiltzeko hartu ziren erabakiak zerikusi handia izan zuen gorakada harekin, eta, gainera, sindikatuen eredu klasikoetara hurbildu zen ELA Errepublikako azken urteetan. 1933ko II. Biltzarrean (40.000 langileren ordezkariak bildu ziren Gasteizen), ordu arte erabat bazterturik zegoen grebaren balioa onartu zen, zenbait kasutan, eta hasi ziren, E.A.J. alderdian ez bezala, klase eta nazio interesen artean halako ñabardurak egiten. ELAko kideak batailoi nazionalistetan hartu zuten parte gerra garaian. Erbestean, besoz beso aritu zen Eusko Jaurlaritzarekin lanean eta, jardun haren fruitu, SELNK (Sindikatu Erakunde Libreen Nazioarteko Konfederakuntza) eta SKNK (Sindikatu Kristauen Nazioarteko Konfederakuntza) sortu ziren. Francoren garaiko lehen urteetan oso indar gutxi zuen ELAk Hego Euskal Herrian. 1960. urteetan hasi zen ELA berriro egituratzen; nazionalismoan izandako aldaketak eragina izan zuen sindikatuan ere, eta Hego Euskal Herriko kide talde batek erbestekoekin hautsi eta ELA-Euskadiko Mugimendu Sozialista sortu zuten, E.A.J. alderditik berex eta sindikatu sozialisten ildotik. 1969. urtean, Hego Euskal Herriko ELA zatitu eta kide talde bat hasi zen berriro ere erbestekoekin lanean. ELAk lan handia egin zuen Hego Euskal Herrian teknikoak prestatzen eta erbestean sindikatuak zeuzkan harremanez baliatu zen Francoren ondorengo aldaketa garaian sindikatu indartsu bat egituratzeko. ELA-Euskadiko Mugimendu Sozialistak ESB (Euskadiko Sozialisten Biltzarrea) alderdi politikoa bultzatu zuen eta beste talde batek, ELA-STV(a), sozialisteten kontra zegoen taldeak, nolabaiteko indarra hartu zuen Bilboko ezkerraldeko enpresa handietan 1980ko harmakadako lehen urteak arte. 1976. urtean egin zen ELAren III. Biltzarrea Eibarren, erbesteko eta Hego Euskal Herriko aldeek bat egin zuten eta klase sindikatu demokratiko eta sozialista baten aldeko hautua egin zuten bertara bildu zirenek. 1979. urtean egin zuen ELAk bere IV. Kongresua eta guztiz berretsi zituzten bertara bildutakoek klaseko sindikatu beregain, nazional eta joera sozialistako sindikatu bati dagozkion ezaugarriak. ELA-STV Euskadiko Autonomia Erkidegoko sindikatu nagusia da (langileen ordezkarien % 38, 1990eko hauteskundeetan) eta hirugarrena Nafarroan (langileen ordezkarien % 15, 1990eko hauteskundeetan). Hego Euskal Herriko sindikatu nagusia da, oro har.