Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euzko Abertzale Ekintza. (E.A.E)

(EAE/ANV) Hego Euskal Herriko alderdi politikoa, ezker abertzalekoa. Alderdiaren joera eskuindarrarekin ados ez zeuden Euzko Alderdi Jeltzaleko kide batzuek (Anakleto Ortueta, Tomas Bilbao, Justo Garate) sortu zuten 1930eko azaroaren 30ean. Euzko Abertzale Ekintza alderdi abertzale, erlijio loturarik gabea, errepublikazalea eta sozialismo demokratikoaren aldeko gisa agertu zen. 1936. urteko Gerra Zibilean hiru batailoi izan zituen EAE-k. Euzko Jaurlaritzako Nekazaritzarako sailburu aukeratu zuten Gonzalo Nardiz EAE/ANV-ko militantea. EAE/ANV-k erbesteko Eusko Jaurlaritzan parte hartu zuen eta Tierra Vasca/Euzko Lurra aldizkaria eman zuen argitara urteetan zehar. EAE/ANV alderdia 1977. urteko hauteskundeetara aurkeztu zen, baina ez zuen emaitza onik izan. 1978. urtean, Herri Batasuna koalizioan sartu zen. Gonzalo Nardizek eta EAE/ANV-ko kide batzuek ez zuten alderdiaren joera berri hori onartu eta Leizaolak erbesteko Eusko Jaurlaritzatik kanpora utzi zuen EAE/ANV. 1979an. EAE/ANV-k Leizaolaren eta erbesteko Eusko Jaurlaritzaren dimisioa eskatu ondoren, betikoz urrundu zen urteetan zehar mahaikide izan zituen alderdietatik eta ezker abertzalearen esparrura lerratu zen bete-betean. 2007ko maiatzean udal eta foru hauteskundeetara aurkeztu zen, baina aurkeztutako hautes-zerrendeetatik 133 legez kanpokotzat jo ziren, Batasunako kideek kontrolatzen zituztelako argudiatuta. Hala ere, Gipuzkoan 24 alkatetza eta Bizkaian eta Nafarroan bederatzina eskuratu zituen. Araban, berriz, bakarra. Harrezkero, Partido Popularren aldetik, EAE/ANV legez kanporatzeko presioa areagotu egin zen, eta ETAk 2006an emandako su-etena apurtu ondoren, PSOEk ere EAE/ANV legez kanporatzeko erabaki irmoa hartu zuen. Hala, 2008ko irailaren 16an Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zuen.