Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euzko Gudaroztea

1936ko azaroan, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia Francoren erasoetatik babesteko Euzko Jaurlaritzak antolatu zuen armada. 1936ko uztaileko 18an matxinada eta Gerra Zibila hasi zenean, borondatezko soldaduez osaturiko taldeek eutsi behar izan zieten, Gipuzkoan batez ere, karlistei eta falangistei, Espainiako Errepublikaren aldeko militar gutxi baitzegoen une haietan Gipuzkoan eta Bizkaian. 1936ko urriaren 7an osatu zen lehen Euzko Jaurlaritza edo euskal gobernua; Gipuzkoako zatirik garrantzitsuena (Irun, Donostia, Goierri) matxinatuen esku zegoen harrezkero eta Jaurlaritzako lehenengo unetik beretik ekin zien Agirre lehendakari eta Defentsarako arduradun nagusiak Euzko Gudaroztea edo euskal armada antolatzeko lanei. 1936ko azaroaren 20an, 40.000 gudarik osaturiko armada, 15.000 Gipuzkoako frontean eta 25.000 ostealdean, abiarazi zen Euskadin, Aginte Nagusi, buruzagi, eta zerbitzuekin. Joera politikoen araberako batailoiak egituratu ziren: nazionalistak, sozialistak, komunistak, anarkistak. Hala ere, arazo handiak zituen armada hark: gudarien prestakuntza maila txikia zen; ofizialik ez zegoenez, ehunka prestatu behar izan ziren, adinez helduago edota prestakuntza zibilean adituago zirenen artean batez ere; arma urritasuna oso handia zen, gerra hegazkinik ez zegoen eta artilleria hornidura urria bezain kaxkarra zen eta, gainera, Espainiako estatuko iparraldeko frontea guztiz inguratua zuten hasiera hasieratik arerioek. Egoera horretan erasoari eutsi beste irtenbiderik ez zeukan Euzko Gudarozteak. 1937ko maiatzaren 7an, Bizkaiko bonbardaketa gogorren ondoren (Durango eta Gernika), ahalik eta gizon gehienak gerrara bidaltzeko agindua eman zuen Euzko Jaurlaritzak (1928-1939 urteen bitarteko kinto guztiak) eta, Aginte Nagusia berritu ondoren, dibisio eta brigadetan banatu ziren gudari euskaldunak. Francok Bilboko hiria hartu eta geroxeago (1937 ekainak 19) deuseztatu zen Euzko Gudaroztea, Santoñan.