Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Erickson, Arthur Charles

Kanadar arkitektoa (Vancouver, 1924). Ericksonen lanen ezaugarri nagusia bere eraikinen eta ingurunearen arteko harmonia paregabea da. Diseinu gehienak Vancouver inguruetan egin ditu, eta Kanada mendebaldeko tradizio ingelesa, amerikar indiarra eta japoniarra bateratu ditu bere lanetan. Azpimarratzeko lana du, besteak beste, Simon Fraser Unibertsitatearen diseinua, 1960. urtearen hamarraldian egina. Vancouver gaineko mendi batean dago Simon Frase Unibertsitatea; egileak molde geometriko soilak erabili zituen lan hartan, japoniar diseinuetakoen tankerakoak, baina Kanada Mendebaldeko mendiak gogorazten dituzten kolore eta moldeekin bateraturik. Hormigoia, beira eta zura erabili zituen eta sarritan izadiko osagaiekin elkartu zituen bere eraikinen egiturak. 1969. urtean Lethbridgeko Unibertsitateko (Alberta) eraikin nagusia diseinatu zuen eta 1970eko hamarraldiaren amaieran Vancouver hiriguneko Gobernuaren egoitza eraiki zuen, ur-jauziez, lorategiez eta parkeez hornitua. Aurreko lanez gainera, aipagarria da Washington D.C.ko Kanadaren enbaxada (1989), zeinean agertzen baitira egitura erraldoi zabal batean bildurik oinarrizko formez osaturiko sail konplexuak.