Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Erice, Víctor

Bizkaitar zinemagilea (Karrantza, 1940). Ekonomia ikasketak egin zituen Madrilen, zinema ikasten hasi baino lehen. Elias Querejetarekin lan egin du. 1969. urtean zuzendu zuen bere lehen filma (Los Desafíos): 1973an El espíritu de la colmena eta 1983an El Sur. Kalitate handiko lanak dira denak. 1983an, El Sur film luzea egin ondoren, hurrengo hamar urteak publizitateari eskaini zizkion. 1992an El Sol del Membrillo filma zuzendu zuen, Antonio López margolari errealistaren inguruko dokumental guztiz pertsonala, eta filmean haren sorkuntza prozesua isladatzen saiatu zen. Torontoko Filmategiak munduko hainbat filmategi eta zinema museoen artean eginiko galdetegiaren ondoren, 1990. hamarraldiko filmik onena izendatu zuen bestela ere sari ugari lortu dituen El Sol del Membrillo. Andrés Vicente Gómez produktorearen aginduz hainbat hilabete Juan Marséren El embrujo de Shangai eleberria zinemara eramateko lanean eman ondoren, bertan behera gelditu zen egitasmoa 1999an ekoizlearen eta zuzendari-gidoigilearen arteko desadostasunen ondorioz.