Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elorriaga, Xabier

Euskal zinema antzezlea, Venezuelan jaioa (Maracaibo, 1944). Gerra zibilaren garaian erbesteraturiko familia baten semea. 1969an itzuli zen Euskal Herrira, eta orduan hasi zen antzezle lanak egiten, Kriselu taldean. Bartzelonara joanda, kazetaritzako ikasketak egin ondoren, telebistako eskolak eman zituen Informazio zientzien fakultatean. Orduan egin zuen debuta zineman, Antoni Ribasen La ciutat cremada filmean (1975). Orduz geroztik, film askotan parte hartu zuen: José Antonio de la Lomaren Perros callejeros (1977), Jordi Cadenaren La oscura historia de la prima Montse (1977), Carlos Sauraren Los ojos vendados (1977), Iñaki Núñezen Toque de queda (1978), etab. 1980ko hamarraldiko lehen erdia izan zen Elorriagaren garairik oparoena. 1980. urtean egin zuen lehen paper protagonista, Fernando Méndez Leiteren El hombre de moda filmean. Urte berean egin zuen debuta zuzendari gisa, Ikuska saileko 4.a, Euskal Telebista, zuzenduz. 1981ean Bigas Lunaren Renacer eta Imanol Uriberen La fuga de Segovia filmetan esku hartu zuen. 1983an euskal zinemako bi lan garrantzitsutan parte hartu zuen, Alfonso Ungríaren Albaniaren konkista, eta Imanol Uriberen Mikelen heriotza. Aldi berean Anillos de oro telesaio arrakastatsuan ere lan egin zuen. 1984an Carlos Suárezen El jardín secreto filmeko protagonista izan zen. 1985ean film ertain bat zuzendu zuen, Zergatik panpox, kritikarien iritziz lan bikaina eginez. Orduz geroztik, baina, behera egin zuen emeki-emeki Elorriagaren karrerak. 1987an José Antonio Zorrillaren Lauaxeta-A los cuatro vientos filmeko protagonista izan zen, baina filmak ez zuen arrakastarik izan. Ondoren egin zituen, besteak beste, Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak (1989), Antoni Verdaguerren Havanera 1820 (1993), eta Alejandro Amenábar-en Tesis (1996). Telebistako lanari ere ez dio utzi, eta hainbat telesailetan parte du (Clase media, Canguros, Hospital…).